Arteleku plazako lan gehienak bukatutzat eman ditu udalak
Donostiako Udalak iragarri zuen urtea bukatu aurretik irekiko zuela Txomiñeneko Arteleku plaza berria. Udaleko iturrien arabera, lan gehienak bukatuta daude eta plazako gune garrantzitsuenak irekita. Halere, eguraldi txarrarengatik eremu batzuk itxita daudela gaineratu dute.
Obra bere osotasunean bukatzeko gauza batzuk falta direla dio udalak. Datozen egunetan, kirol kantxako argiztapena jartzeaz bukatuko dute. Bestalde, zuhaitzak eta landaredia jartzea falta da, baina udalak aurreratu zuen neguan egingo zituela landaketak.
Udalak plazari argi berdea eman arren, Lanberri auzo elkartea ez dago konforme. Hedabide honi jakinarazi dio plaza bukatu gabe dagoelako, obrako elementuak oraindik han daudelako. Horrekin batera, plaza hesituta dagoela nabarmendu dute, eta, beraz, ez dagoela auzotarrei irekita.
Gogoratu behar da udalak urriaren 24rako bukatuta egotea espero zuela. Halere, proiektu honek, beste batzuen antzera, atzerapen asko pilatu ditu.