"Emanaldi bizia eta basatia izango da"
Egiako entsegu lokala dute gotorleku, eta han elkartu dira azken urteotan, ostiraletan. Surfin Kaos hirukoak ezkutuan eta lagunartean iraun du, eta konturatzerako hogei urte bete dituzte. Gotorlekutik atera eta gustuko duten gudu zelaira itzuliko dira bihar. Intxaurrock jaialdian ariko dira zuzenean. Gogotsu eta prest daudela aitortu dute Koldo Soretek (Intxaurrondo, 1976), Ibon Etxebestek (Oiartzun, 1975) eta David Gil 'Gilito'-k (Altza, 1976).
Surfin Kaos hirukoa. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian) Zergatik erabaki duzue orain itzultzea?
Koldo Soret (K.S.): Egia esan, ez dugu sekula utzi. Beti elkartu izan gara entsegu lokalean, gehiago edo gutxiago, baina ez dugu Surfin Kaos utzi. Garagardo batzuk hartu eta pixka bat jo. Aurten 20 urte bete dira elkartu ginenetik. 2001 eta 2002 urteen artean hasi ginen abestiak egiten, eta 2003an kaleratu genuen lehen maketa. Taula gainera itzultzeari dagokionez, Intxaurrondon jotzea proposatu zigun Zuhaitzek, Nuevo Catecismo Catolicoren managerrak. Izan ere, 30 urte bete ditu taldeak. Jaialdia antolatu zuten eta ea jo nahi genuen esan zigun Zuhaitzek berak, eta baiezkoa eman genion. Batez ere, aipaturiko ospakizunean parte hartzeko igoko gara berriz ere agertokira.
Beraz, ez zarete geldirik egon eta entseatzeko ohitura mantendu duzue azken urteotan, ezta?
Ibon Etxebeste (I.B.): Hori da. Ostiraletan elkartzen gara Egiako entsegu lokalean. Beti ere, Koldo hemen badabil eta ez kontzertu biraren batean Niña Coyote eta Chico Tornadorekin. Elkartzeko aitzakiarekin, ohitura hori mantendu dugu azken urteotan. Garagardo batzuk edan eta abestiak jotzen jarraitu dugu.
David Gil (D.G.): Batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago elkartu gara.
K.S.: Esan moduan, denboraldiaren arabera. Halere, ez diogu utzi elkartzeari, ez da Surfin Kaos desegiteko unea iritsi.
Eta zenbat denbora daramazue kontzerturik eman gabe?
K.S.: Azken diskoa 2010ean argitaratu genuen, eta uste dut azken kontzertua 2016ean eman genuela. Ordutik, entsegu lokalean jarraitu dugu elkarrekin jotzen gure abestiak. Lagunak gara, eta genuen ohitura on horri eutsi diogu. Tabernara joan beharrean, gure lokalera etorri ohi gara.
Zergatik erabaki zenuten zuzenekoak egiteari uztea?
K.S.: Arrazoiak askotarikoak dira. 2016. urte horren inguruan Niña Coyote eta Chico Tornado taldearekin asko jotzen hasi ginen. Horrekin batera, Ibon aita izan zen.
I.E.: Duela lau urte izan zen, eta aurretik bederatzi hilabeteko haurdunaldia. Horrek gure erritmoa pixka bat apaldu zuen.
K.S.: Lau lan kaleratu genituen, eta 2003tik 2011ra bitarte gelditu gabe aritu ginen kontzertuak ematen. Horrek nekea eragiten du, eta atsedena hartzea garrantzitsua da.
I.E.: Gainera, gure kontzertuak oso indartsuak dira. Aurretik, bitartean eta ondoren. Erritmo hori mantentzeak ere badu berea. Oso ondo pasatzen dugu kontzertuetan, baina atseden baten beharra ere sentitu genuen hiruok.
Erabaki zenutenetik taula gainera bueltatuko zinetela, entsegu lokalera beste jarrera batekin zatozte?
K.S.: Proposamena irailean jaso genuen, eta normaltasunez hartu dugu. Izan ere, entseatzen aritu gara azken hilabeteotan, eta, beraz, ez gaitu hotzean harrapatu. Nik hartu nuen ardura errepertorioa prestatzeko. Gustura jotzen ditugun abestiak dira zuzenera eramango ditugunak. Hau da, lokalera etortzean garagardo artean jotzen ditugun kanta horiek dira gehien gustatzen zaizkigunak. Horiek horrela, egutegia hartu genuen, eta bakoitzaren egoera zein zen jakinda antolatzen hasi ginen. Nik Niña Coyote eta Chico Tornadorekin konpromisoak ditut, Ibonek haurrarekin eta Gilito filmak grabatzen ari da. Hori aintzat hartuta, astean bitan elkartzen hasi ginen, eta azken asteotan bi eta hiru entsegu egin ditugu.
Bihar, hilak 17, igoko zarete berriz ere taula gainera. Intxaurrock jaialdian izango da, Intxaurrondon, zuen ibilbidea hasi zen leku berean.
K.S.: Egia da, Intxaurrondon hasi ginen entseatzen, eta oso berezia izango da guretzat.
D.G.: 50 minutu inguruko errepertorioa prestatu dugu, eta lan guztietako abestiak joko ditugu.
K.S.: Ez da errepaso kronologiko bat izango, garai desberdinetako kantak tartekatuko ditugulako. Egia esan, kontzertu luzeagoa prestatuta genuen, baina horrelako jaialdi batean, guztira lau talde izanda, laburragoa egitea erabaki dugu. Eta, noski, emanaldi bizia eta basatia izango da.
I.E.: Beraz, jendea animatu dadila, mereziko duelako. Gainera, Intxaurrondoko kultur etxeak barra dauka, eta hori ere garrantzitsua da rock jaialdi baterako. Festa ederra izango da.
Hogei urte atzera begira jarrita, gogoan dituzue Surfin Kaosen hastapenak?
K.S.: 17 urte genituela elkar ezagutu ginen. Ibonek eta Gilitok Gurutze Beltzak izeneko talde bat zuten, eta nik Euripean Sua nire lehen bandan jotzen nuen. Bi taldeek elkarrekin Groseko institutuko euskal astean jo genuen lehen aldiz, eta hor hasi ginen harremanetan. Lagunak egin ginen, Leitzako herrikoan jo genuen, Altzan ere, auzoetan ere… Gurutze Beltzak eta Euripean Sua taldeak desegin ziren, eta Mugatik sortu genuen. Ibon eta biok elkartu ginen, eta Gurutze Beltzak eta Euripean Sua bandetako gitarristak. 1999an izan zen hori. Gurutze Beltzakeko beste kideek Kolore Biziak taldea sortu zuten. Mugatik eta Kolore Biziak desagertu zirenean abiatu genuen Surfin Kaos hirukoa. Ostiraletan elkartzen hasi ginen garagardo batzuk hartzeko eta bertsioak jotzeko.
Ordukoa da, beraz, ostiraletako tradizioa?
D.G.: Bai, horixe [barrez].
K.S.: Egia esan, bai. Martxa hartzen hasi ginenean, gogoan dut esan niela abestiak sor genitzakeela. Horrela sortu zen Surfin Kaos, esan moduan, 2001 eta 2002 urteen artean. Abesti sorta bat konposatu genuen, eta Haritz Harregirekin grabatu genuen lehen maketa Andoaingo Garate estudioetan. 2003an argitaratu genuen lan hori.

Ibon Etxebeste, Koldo Soret eta David Gil ‘Gilito’ musikariak Egiako entsegu lokalean duten estudioan. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian)
Lehen grabazio hark harrera polita izan zuen.
K.S.: Berehala kontzertuak jotzen hasi ginen Gipuzkoa osoan zehar, eta pixkanaka zabaltzen joan zen Euskal Herrian zehar. Euskarazko punk rockaren beharra zegoen maketa aurkeztu genuenean. Ordukoa da Kuraia ere. Gu baino pixka bat lehenago agertu ziren. Ondorengoak dira Sexty Sexers eta Brigada Criminal, besteak beste. Esaterako, gogoan dut Sexty Sexers taldekoak, gu baino gazteagoak, gure kontzertuetan ikusten genituela. Beraiek egoten baziren, bagenekien kontzertu ona izango zela. Giroa beraiek jartzen zuten. Beraiek lehen aldiz jotzen ikusi genituenean, ikaragarriak iruditu zitzaizkigun.
Diskoek ere izan dute bere oihartzuna. Tira, horien aurkezpenek. Esaterako, 2005ean Donostiako autobus turistikoa hartu zenuten egun hura…
K.S.: Sekulako erokeria izan zen Bizzionbizzi diskoaren aurkezpena. Sex Pistols taldearekin du lotura autobus turistikoa erabiltzearen ideiak. Ingalaterrako lurretan hankak jartzea eta kontzertuak ematea debekatu zieten. Orduan, Londresen, Tamesis ibaian, kontzertu bat eman zuten itsasontzi baten gainean. Lehorreratu zirenean poliziak atxilotu zituen. Kontua da guk autobus turistikoa alokatu genuela. Kursaal paretik atera behar ginen, baina udaltzainek gelditu gintuzten. Bolumena altuegia zela esan ziguten, eta autobusean genituen zerbezak eta beste kendu zizkiguten. Egia esan, ez den-denak. Udaltzainak zeharo harrituta zeuden.
D.G.: Bizzionbizi aurkeztu genuenean udaltzainek isuna jarri ziguten, baina artxibatuta geratu zen.
I.E.: Hasiera batean, diskoa zuzenean jotzeko asmoa genuen autobus gainean, baina Gilitok besoa hautsi zuen.
K.S.: Beraz, diskoa osorik jarri eta bozgorailuetatik ozen entzun ahal izan zen hiriko hainbat kaletan.
Gaur egun ez litzateke posible izango, ezta?
K.S.: Inolaz ere. Ordutik, asko aldatu dira gauzak. ETBko kamera bat eta kazetari bat gurekin batera zeuden autobusean, eta albistegietan azaldu ginen.
D.G.: Horregatik utzi ziguten udaltzainek ateratzen.
I.E.: Egia esan, pixka bat beldurtu ziren.
2007an, berriz, ‘Tryphyllon’ diskoaren aurkezpenera limusina batean iritsi zineten.
K.S.: Bai, Egiako Le Bukowski aretoan izan zen aurkezpena. Gure ideia zen soilik limusinan iristea aretora, baina alokaturiko zerbitzua lau ordukoa zela esan zigun gidariak. Iruñean alokatu genuen, eta handik ateratzen zenetik bueltatu arte aprobetxatzeko aukera genuen. Hori dela eta, 10:30erako etortzeko esan genion. Limusinan sartu ginen eta xanpaina edaten aritu ginen aurkezpenera iritsi bitarte. Imajinatu nolakoa izan zen aurkezpena.
D.G.: Gainera, limusina genuela aprobetxatuz, hainbat kazetariri aukera eman genien elkarrizketa limusinan bertan egiteko. Oso dibertigarria izan zen.
K.S.: Beste erokeria zoragarri bat izan zen. Disko aurkezpen arruntetatik urrundu, eta oihartzuna lortzeko erabaki genuen halako zerbait egitea.
D.G.: Aurkezpena ez ezik, sekulako festa egin genuen Le Bukowskin. Bi aldiz jo genuen, bata goizeko aurkezpenean, eta egun osoko festa egin ostean, bigarrenez aritu ginen hurrengo goizaldean.
Aldiz, orain arteko azken lana 2010eko ‘Goizalde surrealistak’ da. Urrun geratu da.
I.B.: Bai, eta egin genuen disko aurkezpen arruntena izan zen, autobus turistikoa eta limusina bat erabili ondoren.
K.S.: Gilitok bazuen Renault 7 auto txiki bat, eta surf taula bat jarri genion gainean. Hiruak autoan sartuta agertu ginen Le Bukowskira.

Egiako Le Bukowski da Surfin Kaos hirukoaren bigarren etxea, eta 2016an eskainitako azken kontzertuetako bat han izan zen. (Argazkia: Surfin Kaos)
Sei urte luzeren ondoren itzuliko zarete agertokietara. Talde beterano batzuk luzarorako bueltatu dira. Delirium Tremens da horren eredu. Beste batzuk, berriz, behin betiko agur esateko. Hertzainak izan daiteke horren adibide. Zein bandotakoak zarete zuek?
K.S.: Surfin Kaos berezia da, benetan ez dugulako inoiz utzi. Hemendik bost edo hamar urte barru kontzertu batzuk egin ditzakegu. Hau da, oraingo kontzertuak eman ondoren, elkartzen eta entseatzen jarraituko dugu.
I.B.: Hori da, ez dugu geratzeko asmorik. Ostiraletako ohitura mantenduko dugu, oso ondo pasatzen dugulako. Hori bai, zuzenekoei begira, betidanik argi izan dugu jotzeko ondo prestatuta egon behar garela. Talde batek konpromiso handia eskatzen du, entsegu gehiago.
K.S.: Izan ere, urte asko pasa dira azken kontzertutik. Argi genuen egitekotan ondo egin nahi genuela. Halere, gozatzea da helburua. Gaizki jo arren ondo pasatzea da gure nahia. Ez du zertan gure bizitzako kontzertua izan behar, ondo pasatzea delako benetan nahi duguna.
Biharko kontzertuaz gain, beste batzuk eskainiko dituzuela iragarri duzue. Non izango dira?
K.S.: Proposamenak jasotzen ari gara, baina ez dugu aurreikusitakoak baino kontzertu gehiago emateko asmorik. Bihar Intxaurrondoko kultur etxean ariko gara, eta urtarrilaren 12an Bilboko Kafe Antzokian. Hirugarren aukera bat ere egon daiteke, baina ez dugu argi ikusten. Martxoan Niña Coyote eta Chico Tornadorekin kontzertu bira abiatuko dut. Hiruak ez gaude astebururo jotzen hasteko moduan. Ideia da bi hauek egitea eta kito.
Eta abesti berriak grabatzeko tentaziorik izan duzue?
I.B.: Beste disko bat osatzeko abestiak baditugu armairuan jasota, baina ez dugu horiek argitaratzeko asmorik.
K.S.: Kanta pila bat ditugu, baina abestiak hemen geratuko dira. Halere, batek daki. Oraingoz, ditugun kontzertuez gozatzea da gure helburu bakarra.
