Ramon Ormazabal omendu du Donosti Berrik, Amarako 100 urteko bizilaguna
Bere mendeurrena borobildu du Amarako Donosti Berri elkarteak, 100 urte betetzear den Ramon Ormazabal Agirre auzoko bizilaguna omenduz. Elkarteak zein Ormazabalek azken 100 urteotako auzoko historia bizi dute.
Amarako Donosti Berri elkarteak 100 urte bete ditu 2022an –maiatzaren hasieran egin zuten ospakizun handia–, eta mendeurrenaren harira antolatutako azken ekitaldia egin zuten astelehenean. Hain zuzen ere, elkarteak bezain beste urte dituen Amarako bizilagun bat omendu zuten: Ramon Ormazabal Agirre.
Ormazabalek 2023ko apirilean beteko ditu 100 urte, eta horregatik, Iñaki Goñi Nerbios elkarteko presidentea, Eduardo Soto elkarteko bazkiderik beteranoena eta Iñaki Egaña historialaria eta elkarteko bazkidea bisitan joan zitzaizkion Ategorrietako San Jose de la Montaña zahar etxera; han bizi da duela bi urte inguru. Pandemia iritsi arte, bakarrik bizi zen Amarako bere etxean, eta kalera atera ohi zen paseatzera. Ordea, haren seme Juan Josek (74 urte ditu berak) azaldu zuen konfinamenduak kalte handia egin ziola aitari, eta ordutik ez dela asko ibiltzen eta nahiko apal dagoela.
Bisitaz gain, Egañak elkartearen mendeurrenaren harira auzoaren historiari buruz idatzitako Irutxulo Zar, Donosti Berri. Amarako istorio bat liburua oparitu zioten Ormazabali, baita presidenteak sinatu ere. Ormazabalez gain, bada 100 urte dituen Amarako beste bizilagun bat ere: Pili Moreno, dagoeneko 100 urte bete dituena. Moreno ere omentzeko asmoa zuen Donosti Berrik, baina kontu pertsonalak direla eta, azkenean ez da posible izan.
Zizurkildik Amarara
Ormazabalen testigantza ere jasotzen aritu ziren Donosti Berrikoak, Ormazabalen beraren eta haren seme Juan Joseren eskutik. Ormazabal seme bakarra da, hiru seme-alaba izan ditu, sei biloba eta bi birbiloba. Emaztea, Carmen, Miranda de Ebrokoa zen. Kontatu zutenez, Ormazabalen familia Ordiziakoa zen, baina bera Zizurkilen jaio zen, 1923ko apirilean. Ordea, oso gazte joan zen bizitzera Amarara, 10-15 urte zituela.
Ordutik, Amaran bizi izan da, Urbieta kaleko 58. zenbakian. Azaldu zuenez, desberdintasun handia ikusi zuen Zizurkildik Amarara, auzoa herria baino askoz erdaldunagoa zelako. 36ko gerrari buruzko oroitzapenik ez duela esan zuen, eta Juan Josek baieztatu zuen etxean ez zuela inoiz gerrari buruz hitz egiten. Hain zuzen ere, Ormazabalen aitarekin zer gertatu zen ez du inoiz jakin Juan Josek, ez zuen inoiz ezagutu. “Ez dakit gerran zer gertatu zen”, gehitu zuen Juan Josek.
Ormazabalek Mendia y Murua enpresa metalurgikoan errementari gisa egin zuen lan 65 urte bete zituen arte, “baja bakar bat ere hartu gabe”, Juan Josek nabarmendu zuenez. Horrez gain, Atotxako futbol zelaian ere lan egiten zuen Realeko langile gisa. Hain justu, Realeko langile ohia den heinean, eserleku bat dauka Anoetan, nahiz eta dagoeneko ez den partidak ikustera joaten. Juan Josek ere Atotxan lan egin zuen aitarekin, eta baita Urumea frontoi zaharrean ere. Horrez gain, Amaran egiten zuen bizitza Ormazabalek, auzoko tabernetan txikiteoan, eta abar.