Realeko partiden aurretik Armeria plazako istilu eta zikinkeriekin amaitzeko sinadura bilketa egingo dute

Futbol partiden aurretik Armeria Plazan izandako istiluek “bere horretan jarraitzen dute” bizilagunen arabera: bengalak, suziriak, baita inoiz su artifizialak ere. Arazo hauei irtenbidea emateko sinadura bilketa egingo dute.
“Realaren ustezko jarraitzaileek” sortzen duten zikinkeria ikusita, bizilagunak oso kezkatuta daude, eta hainbat bilera izan dituzte Ertzaintzarekin eta Donostiako Udalarekin, eta hala eskatu diote Realari ere. Bilerok “fruiturik eman ez dutela” argudiatuta, erabaki dute sinadura bilketa hastea: “Udalaren eta Realaren gelditasunaren eta/edo interes faltaren aurrean gure protesta sendoago eta indartsuago egiteko”.
Datorren larunbatean, abenduaren 17an, 12:00etatik 13:00etara, sinadurak bilduko dituzte Armeria plazan.