Jadikuk beste eskultura bat inauguratu du Vielhan
Blanca Fernandez Ochoa eskiatzaile zenaren omenezko figura Solan hiribidean jarri dute.
Pasa den larunbatean, hilaren 17an, Blanca Fernandez Ochoa (1963-2019) Madrilgo eskiatzaile olinpikoaren omenezko eskultura inauguratu zuten Vielhan (Herrialde Katalanak). Añorgako Josean Diez de Quevedo Jadiku artistak egin du eskultura. Horrela, dagoeneko bi artelan ditu Vielhan donostiarrak.
Urtarrilean inauguratu zuten Parkean eskultura, pandemian bilobak zaintzen zituzten aitona-amonen omenezkoa. 2020an ikusgai jarri zuen Aieteko parkean aldi baterako. Iaz, Añorga Txikin jartzeko eskaera luzatu zion artistak Donostiako Udalari, baina udalak uko egin zion eskaintzari.
Fernandez Ochoa Madrilgoa zen, baina asko ibiltzen zen Vielhan, eskiatzeko pistak baitaude herri horren inguruan; hain zuzen ere, horregatik omendu dute. Jadikuk ere denboraldi luzeak pasatzen ditu Vielhan, bigarren etxea han duelako eta berak ere eskiatzea gustuko duelako.
Eskultura Tolosako tailer batean egin dute, eta hainbat kolorezko uztai olinpikoek osatzen dute, altzairu herdoilgaitzezko hodiekin egindakoak. Uztaiak lau tonako harrizko idulki baten gainean jarri dituzte. Idulkiak 1,5 metroko altuera du, eta eskulturak beste horrenbeste; beraz, multzoa hiru metrokoa da.