"Kontratu gehienetan, ikerlariok ez gara 900 eurora iristen"
Ibaetako Unibertsitateko Indar Batasuneko kidea da Artzai G. Arraiza ikerlaria (1997, Zirauki, Nafarria), eta ikerlarien lan baldintzen hobekuntzen alde ari dira borrokan. Elkarretaratzea egin dute gaur goizean Ibaetako campusean.
Zein da ikerlarion aldarrikapena?
Lan baldintzen berdintasuna da aldarrikatzen duguna. Maxima moduan unibertsitateko langile sektore guztiek lan baldintza bera izatea da, baina orain egin dugun lanketa zehatza ikerlariena da. Identifikatu ditugu amankomunak diren arazoak –aniztasun handiko kolektiboa delako–; eta hainbat aldarrikapen zehatzekin hasi gara: doktoregaiok urtero tasa batzuk ordaindu behar ditugu, eta ez zaigu bidezkoa iruditzen lan egiteagatik ordaindu behar izatea. Bestelako aldarrikapenak badaude: pribatziazioa, tutoreen aldetik gehiegikeriak.
Beste lanpostuekin parekatzeaz ari zaretenean, zer eskatzen duzue?
Borroka honi izaera globalagoa eman nahi izan diogu, ez dugu ikusten ikerlariok gainontzeko langileengandik berezi behar dugunik; garbitzaileekin batera, zein katedradunekin batera, unibertsitateko langile guztiek baldintza berdinak izatea nahi dugu: bai soldata aldetik, bai gure lanpostuen gaineko kontrolaren aldetik ere. Hori litzake maximo bat, eta, noski, ez dugu epe motzeko lorpen gisa irudikatzen. Baina bide horretan lan egiten dugu.
Zein da zehazki ikerlarien egoera?
Soldaten arlotik hasita, ezberdinak dira kontratuen arabera; irakaskuntza orduak egin behar ditugu gutako batzuk, eta ez dugu ordainsaririk jasotzen; ikerkuntza taldeetan parte hartzen dugunok ez dugu espaziorik unibertsitatean, edota finantzaketarik kongresu eta komunikazioetarako; enpresen esku-hartzea oso handia da kontratu batzuetan: haiek zehazten dituzte baldintzak, eta haien aberastasunerako egiten dugu lan.
Orain arteko kontratu publiko gehienetan, ez gara 900 eurora iristen. Apur bat igotzen den arren, inolaz ez da 1.300 eurora iristen lau urtean. Bestalde, irregulartasunak izan dira PFEZ-aren (pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga) ordainketan. Salbuetsiak geunden arren, zerga horiek ondartzen egon gara orain arte. Orain, badirudi konpontzen ari direla.
Zein norabide ari da hartzen EHU zuen ustez?
Enpresen parte hartzeari dagokionez, eta pribatizazioari dagokionez, goranzko joera nabarmena da, 2009tik aurrera. Baita prekarizazioarena ere, zentzu guztietan. Gutxi balitz, Ingeniaritza eskolan, armagintzan dabiltzan enpresen parte hartzea ematen ari da.
Zeintzuk dira ikerlarien barruan ematen diren ezberdintasunak?
Kasurik hoberenean kontratu bat daukagu; hau da, ikerlari guztiek ez dute kontraturako sarbiderik, oso lehiakorra baita. Okeren daudenak dira kontraturik gabe daudenak. Askotan urteroko tasa ordaintzeaz gain, argitalpenetarako eta abar gastu guztiak ordaindu behar dituzte. Horiek dira kaltetuenak. Kontratua dugunon artean, kontratu publikoak ditugunok gara kaltetuenak baldintzen aldetik. Enpresa pribatu batzuek –La Caixak edo Santander, esaterako– baldintza hobeak eskaintzen dituzte, soldata aldetik. Ez beti, hala ere.
Errektoretzarekin elkarrizketarik ba al da?
Iaz bai, liburutegiaren harira lortu genuen maileguekin gauza batzuk aldatzea. Oraingoz arazoak identifikatzen ari gara, eta arazoa sozializatzen ari gara, eta ez dugu kontaktu berezik izan oraindik.