Loiolaren eta Morlansen arteko trenbidea estaltzearen alde egin du udalbatzak
Urteko azken udalbatzarrean, EH Bilduren mozio arrunta babestu dute udal talde guztiek, PSE-EEk izan ezik.
Bigarrenez jorratu dute osoko bilkuran Loiolaren eta Morlansen arteko trenbidea lurperatzeko eskaera. Donostiako Udalbatzak aho batez onartu du EH Bilduk aurkezturiko mozio arrunta. Horrela, Eusko Jaurlaritza eskatuko diote Morlans-Anoeta trenbide zatiaren azterlana egokitu eta Anoeta-Loiola zatia estaltzeko aukera ere aintzat hartzeko. Euskal Trenbide Sareak azaroaren 18an lehiaketa publiko bat abiatu zuen aipaturiko azterlanaren idazketa adjudikatzeko –130.000 euroko aurrekontuarekin–.
Amara Berriko auzo elkarteak pasa den martxoan kanpaina bat abiatu zuen Atsedena bai, zarata gehiago ez! Morlans-Loiolaren lurperatzea orain! lelopean. 1.000 sinaduratik gora bildu zituzten, eta maiatzaren 26ko udalbatzarrean auzotarren eskaera onartu zuen udalbatzak. Gaur, berriz, bigarrenez onartu dute auzotarren eskaera.
Auzo elkarteak nabarmendu izan du euren eskaera ez dela ez “kapritxo bat”, ez “utopia bat”: “Lehenik eta behin, eskubide bat da, eta, bigarrenik, premiazko behar bat da, gaur egun dugun kutsadura akustikorik gabeko auzo bat lortzeko”.