Sarek eta sindikatuen ordezkariek manifestazioa egin dute Amaran
ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, HIRU eta EHNE sindikatuetako ordezkariek bat egin dute Sare erakundearekin batera egin den mobilizazioarekin, gaur goizean Easo plazan. Manifestazioaren aurretik, Sareko eledun Inaxio Oiartzabalek deklarazioak egin ditu, eta haren ustez, euskal preso gehienak Euskal Herriratu izana pozgarria den arren, gradu progresioa ez da behar bezala aplikatzen ari, kasu askotan “atzera pausoak” ematen ari dira.
Sindikatuek irakurri duten manifestuan nabarmendu dute 34 urte direla urruntze politika indarrean jarri zutenetik: “Asko dira politika honek eragindako sufrimenduak arlo ekonomikoan, psikologikoan, emozionalean eta fisikoan. Ezin dugu ahaztu hamasei pertsonek bizitza bidean galdu dutela ere, eta orain, politika honen amaiera aro honetan, balioan jarri behar dugu egoera honen gainditzea”.
Adierazi dutenez, “guztion lanari esker” gainditu da egoera: kaleko lana, erakunde eta talde politikoena, eta abar. Batasuna nabarmendu dute: “Sindikatuok elkarrekin aritu gara, bide horretan lagundu asmoz eta egoera aldatzeko nahiarekin, eta lortutakoa balioan jarrita egungo egoera, aurrerantzean ere horrela egiten jarraitu nahi dugu”.
Gaur egun, presoak gertuago daude, 2. edo 3. graduan, eta “pozteko arrazoia da” sindikatuen ustez, baina oraindik indarrean dauden “salbuespenezko neurriak” asko dira, “etxera bueltatzeko bidean dituzten oztopoak ere handiak dira eta horregatik lanean jarraitu behar dugu. Indarrak batzen jarraituko dugu prozesu hori normaltasun osoz egin dadin”.
Gogoratu dutenez, abenduaren 31n Donostian eta urtarrilaren 7an Bilbon egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitu dute.