Ernaik Bulebarreko errepidea moztu du gazteentzako bizitza duinak aldarrikatu eta aldaketetarako garaia dela esateko
Asteartean, arratsaldeko bostetan elkartu dira 60 gazte inguru eta bulebarreko kiosko pareko errepidea blokeatu dute hainbat minutuz. Hainbat gazte jarri dira errepidearen alde banatan, eta erdian dena aldatu esaldia idatzi dute handiz, urrian abiatu zuten dinamikari erreferentzia eginez. Gazteek “dena aldatzeko aukera, eta gaitasuna dutela” aldarrikatu dute.
Errepidearen alde banatan zeuden gazteek aldarri ezberdinak zituzten eskuetan: Non dago gure etorkizuna?, Etxetik joatea ez da pribilegio bat, Bizi eredu honek ez du etorkizunik eta Duintasunez ikasi nahi dugu, besteak beste.
Eskuorriak banatu dituzte inguruan zebiltzan herritarren artean, egoeraren irakurketa jasotzen zen bertan eta hiru aldarri nagusiak jasotzen zituen: Gazteen bizitzak berehala duintzeko neurri zehatzak; une historiko honetan, “erroko eraldaketa soziekonomikoak kokatu eta egin beharra”; eta “bizi eredu eraldatzaileen aldeko apustua egin, eta Euskal Herri askea gaurdanik eraikitzeko zutabe nagusien indartzea”.