Familia giroan elkartu dira Armeria plazan
Goizak aurrera egin ahala hasi dira auzotarrak Armeria plazako postuetara hurbiltzen. Gutxi dira jarri dituztenak, baina nahikoa Amara Berrin ere San Tomas eguna bizitzeko. Amara Berri Auzo Elkarteak antolatuta, haur, gazte zein helduek bat egin dute plazan.
Txistorra hainbat modutara jateko aukera eman dute postua jarri dutenek. Eztia eta gozogintza eskaintzarik ez da falta izan, eta artisauek ere postua jarri dute plazan. Goizeko une politenetakoa txorimaloen lehiaketa izan da. Epaimahaiari kostatu zaio irabazlea aukeratzea, nahiz eta adierazi denak zirela saritzeko modukoak.
Armeria plazako giroak 20:00ak arte iraungo du, beraz, hurbildu nahi duenak posible du oraindik ere.