Nerea Eizagirrek eta Amaiur Sarriegik gola egin dute debutean
Euskal selekzioak aise hartu du mendean Txile (3-0), Mendizorrotzan jokaturiko lagunartekoan.
Aldaketak aldaketa, euskal selekzioak bolada irabazleari eutsi zion atzo. Txileren kontra jokatu zuten Gasteizko Mendizorrotza futbol zelaian, eta giro hotzari –batez ere, harmailetan– aurre egiteko neurketa beroa jokatu zuten.
Hemezortzi jokalarietatik hamalau ziren nobedadeak, eta gehiengoak bere aurreneko neurketa jokatu zuen euskal selekzioarekin. Tartean, Realeko hainbat jokalarik. Gainera, debuta egin zuten bik ate aurrean asmatu zuten: Nerea Eizagirrek eta Amaiur Sarriegik. Hirugarren gola Ane Miren Martinez de Lahidalgak egin zuen. Txuri-urdinen ordezkaritza Ane Etxezarretak –aurrez selekzioarekin aritutakoa–, Iraia Iparragirrek eta Cecilia Marcosek osatu zuten.
Partida bukatzean, Juanjo Arregi hautatzaileak bere kargua uztea erabaki zuela jakinarazi zuen prentsa aretoan. Belaunaldi berriei lekua uzteko harturiko erabakia izan dela adierazi zuen.