Reala kopako final hamaseirenetarako sailkatu da
Erraz gainditu zuen Realak atzo, Coriaren kontrako Espainiako Kopako bigarren kanporaketa (0-5). Caceresko (Extremadura, Espainia) izen bereko herriko taldearen zelaian aritu ziren. Txuri-urdinek bost gol egin zizkioten Coriari, eta lehen zatian utzi zuten erabakita kanporaketa.
Imanol Alguacil entrenatzaileak ez zuen espekulatu nahi izan, eta hamaikako lehiakorra zelairatu zuen. Horri esker iritsi ziren golak. Bosgarren minutuan egin zuen aurreneko Robert Navarro gazteak, 17. minutuan Chok bigarrena, eta, luzapenean, Brais Mendezek egin zuen hirugarrena penaltiz. Bigarren zatian, etxekoak saiatu ziren ohorezko gol horren bila joaten, baina ez zuten lortu. Aldiz, partidaren azken minutuetan sartu zen Jon Karrikaburu aurrelari nafarrak bere bi lehen golak egin zituen Realaren lehen taldearekin. Lehena errebote baten bidez izan zen, eta, bigarrena, Pablo Marinen pase zoragarri bat baliatuta.
Txuri-urdinak final hamaseirenetan dira, eta baliteke hurrengo arerioa serioagoa izatea mailari dagokionez.