Astiñeneko zubi berria eta Iztuetako pasabidea, irekita
Egia auzoa nabarmen eraldatu da aurten, aurreikusitako bi azpiegituren lanak bukatu dituztelako: Astiñeneko zubi berria eta Iztuetako lur azpiko pasabidea. Azaroaren 24an zabaldu zuten Egia eta Loiola lotzen dituen zubi berria, lau urteko obra amaigabearen ondoren. Arazoak arazo, lanak nabarmen luzatu dira eta 3,3 milioi eurokoa izan da bukaerako aurrekontua. Donostiako Udalak 2018an adjudikatu zituen zubi berriaren lanak, eta 2019ko apirilean hasi zituzten lanak. Zubi berria obra zeharo bukatu gabe zabaldu dute, eta udalak ez du argitu lanak behin betiko noiz bukatuko diren.
Iztuetako lur azpiko pasabide berria, berriz, apirila hasieran ireki zuten errei bakarrarekin. Aldiz, ekainean ireki zituzten pasabideko hiru erreiak, eta udan bukatu zituzten urbanizazio lanak. Urte eta erdiko iraupena izan zuen obrak, eta 1.127.117,68 euroko gainkostua (%20). Renfeko katenaria baten erortzeak lanak atzeratu zituen. Guztira, 6.989.683,83 euroko kostua izan dute Iztuetako lanek. Horrez gain, makinek eragindako zaratek inguruan bizi diren herritarrak nabarmen kaltetu zituzten.