Donostia, hiriburu kortsarioa
Trikuharri Kultur Elkarteak 'Itsaslapurrak' karta jokoa argitaratu du, eta Dani Fano donostiarraren ilustrazioak ditu.
Juan Erauso, Pedro Agirre Kanpanario, San Juan Patatxa, … Donostia eta donostiarrak oso presente daude euskal pirata eta kortsarioen Itsaslapurrak karta jokoan.
Iruñeko Trikuharri Kultur Elkarteak argitaratu du karta jokoa, eta Dani Fano marrazkilari donostiarra arduratu da ilustrazioez. Azken batean, Ekaitz Zabalza elkarteko kidearen eta Fanoren arteko elkarlanaren emaitza da. Euskal Herriko historia beste modu batera hedatzea eta dibulgatzea du helburu.
Musean aritzeko karta joko mota da, besteak beste. Hau da, 40 karta ditu eta bakoitzak Fanoren ilustrazio bana dauka. Era berean, lau multzotan banatzen dira kartak: txanponak, kopak, ezpatak eta borrak. Karta jokoarekin batera, koloreztatzeko koaderno batekin eta pin bilduma batekin saltzen dute.
Euskal Herriko hainbat dendatan eskura daiteke dagoeneko, eta, Donostian, Hontza liburu dendan dago salgai.
IRUTXULOKO HITZAk Zabalza eta Fano elkarrizketatu ditu, eta urtarrileko lehen astekarian irakurri ahal izango da.