Erdialdea berrantolatu eta egokitu dute
Datorren Donostiaren eredu gisa jarri du Donostiako Udalak Erdialdeko berrantolaketa esanguratsua. San Martin eta Zubieta kaleen norabide aldaketek zalaparta sortu dute, zirkulazio arazo ugari eragin dituelako Erdialdean. Motordun ibilgailuen erabiltzaileen kexa kopurua asko hazi zen lanek aurrera egin ahala. Hain zuzen ere, uztailean bukatu zituzten egokitzapenak, eta kritikak areagotu baino ez ziren egin.
Kontxako pasealekuak bere ohiko funtzionamendua berreskuratu zuen bi norabidetan. Hau da, Antiguarantz eta Erdialderantz, bai ibilgailu pribatuentzat eta baita garraio publikoarentzat ere. Gainera, Kontxako pasealekua San Martinekin eta Foruen pasealekuarekin lotzen duen bidegorriaren zati berria ireki zuten. San Martin kaleko bidegorri zati berriak ere bizikleta erabiltzaileen kexak jaso zituen, irekitzean segurtasuna bermatzen ez zuelako.
Bestalde, Kontxako barandaren zati bat berritu –Flemingen Monumentuaren eta Errege Bainuetxearen artean–, pasealekuko oinezkoentzako gunea zabaldu, zuhaitzez osatutako lorategi bereizketa sortu eta bidegorria ibilbide osoan hobetu eta egokitu zuten.