Harrera ona egin diote Altzako kiroldegiari
Apirilaren 20an inauguratu zuten Altzako udal kiroldegi berria. Donostiako Udalaren azken aurreikuspenek zioten ekainean zabalduko zutela, baina, azkenean, bi hilabete lehenago izan zen irekiera. Hala ere, hasiera batean iragarri zuten lanek urte eta erdi iraungo zutela, eta azkenean bi urte eta erdi baino gehiago iraun dute. Horrela ere, herritarrek harrera ona egin diote kiroldegi berriari. Aurten erabiltzaile gehien izan dituena da (82.994).
2019ko abuztuan hasi zituzten kiroldegiaren lanak, zailtasun ugari gaindituta. Izan ere, 1981. urtera arte kiroldegiaren kokalekuan zegoen Fibrocementos Vascos enpresaren jardunaren ondorioz, inguruko lursailak amiantoz kutsatuta baitzeuden. 2016an agertu zen lehen aldiz amiantoa inguruetan, eta 2018an lanak atzeratu egin behar izan zituzten amianto arrasto gehiago agertu zirelako. 2020ko hasieran, ELA sindikatuak iruzurra salatu zuen kiroldegiko lanetan. Acciona eta Altuna y Uria enpresek azpikontratatutako enpresaren langileak legez kanpo aritu zirela adierazi zuen , besteak beste. Irregulartasun horiek eta pandemiak sortutako atzerapenen ondorioz, kiroldegiko eraikuntza lanak 2021eko abenduan bukatzea aurreikusi zuen udalak. Bestalde, EH Bilduk salatu zuen lanen gainkostua 3,5 milioi eurokoa zela.
Lau kirol pista, hiru jarduera areto, 400 metro koadroko gimnasioa eta estalitako bi igerileku ditu Altzako kiroldegi berriak. Horrekin batera, solariuma, kanpoko igerilekua eta ur jokoak ditu. Uztailaren 13an ireki zuten kanpoaldeko eremua. 3.000 metro koadro ditu, eta hirian dauden ezaugarri berdineko instalazioekin alderatuta, handiena da. Batez ere, eskaintza horri esker da aurten erabiltzaile gehien izan dituen hiriko udal kiroldegia.