Kale egoeran bizi direnen alde borrokan
Donostiako Hiritarron Harrera Sareak urte honetan egindako egitasmoen artean, La Sirena aterpetxea irekitzearen alde egindako protestak nabarmentzen dira. Kalean lo egitera deitu zituen herritarrak otsailaren 10etik 11rako gauean, eta ordutik bi hilabetez egon ziren astero Gipuzkoa Plazako arkupetan protesta eginez, astean behin. Aldarri nagusia: Ondarretako La Sirena aterpetxea neguko egun guztietan ireki dezatela eskatzea.
Hain zuzen, Donostiako Gizarte Kontseiluaren I. Saria jaso zuen azaroan Harrera Sareak Eneko Goia alkatearen eskutik, «zaurgarritasun egoeran dauden gazte migratzaileei ematen dieten sostenguarengatik».
Saria jasotzearekin batera, «erakundeek kalean bizi diren pertsonei ostatu emateko dauzkaten baliabideak erabili ditzaten» eskatu zuten: «Negua hemen da eta hotzak akabatzen gabiltza jadanik. Horregatik, ezin dugu ulertu La Sirena aterpetxea gauero ez irekitzea, 100 leku izanda».
661 dira EAEko kaleetan lo egiten duten etxerik gabeko pertsonak: 272 Gipuzkoan eta 220 Donostian, urrian hainbat boluntariok egindako zenbaketaren arabera.