Loiolako kuartelen lursailen salerosketa adostu dute
Donostiako Udalak eta Espainiako Defentsa Ministerioak Loiolako kuartelen salerosketa egiteko akordioa itxi zuten azaroaren erdialdean. Udalak 73,3 milioi euroren truke eskuratuko ditu lurrak, eta Ministerioak konpromisoa hartu du instalazioak lau urteko epean uzteko. Hau da, militarrek beste lau urtez jarraituko dute Loiolako kuarteletan. Akordioaren arabera, udalak ondorengoa erosiko du: Loiolako kuartelen lursaila, ondoan dauden beste bi instalazio militar, eta Ulian Defentsako Ministerioarenak diren hainbat landa eremu, osotara sei hektareako azalerarekin. Guztira, salerosketaren objektu den Loiolako eremuak 175.662 metro koadro inguru (17,5 hektarea) ditu, eta horri Uliako sei hektareak gehitu behar zaizkio; hala ere, azalera guztia ezin da urbanizatu.
Udal talde guztiek ontzat jo dute akordioa, eta lursail horiek interes orokorraren mesedetan erabili behar direla nabarmendu dute, etxebizitzak eta gizarte ekipamenduak eraikitzeko, besteak beste. Udala dagoeneko eremu berria diseinatzeko lanetan ari da, eta Urumea ibaiak garrantzia handia izango du. Han egin daitekeen etxebizitza garapenean, gutxi gorabehera 1.500-1.700 etxebizitza egiteko aukera egongo litzateke, baita ekipamendu publiko berriak ere. 142.000 metro koadro bideratuko dituzte bizitegi erabilerara, eta 8.000 erabilera tertziariora. Era berean, auzoan Urumea ibaiaren integrazioa nola egin aztertzen ari dira eremuari kalitatea bermatzeko.
Bestalde, gogoratu behar da EAEko Auzitegi Nagusiak, Vox alderdi ultraeskuindarraren helegitea onartuta, uztailean ebatzi zuela kuarteletako Infanta Maria Teresa eta Princesa Mercedes eraikinak babestu egin behar direla. Helegitea aurkeztu zuen udalak, eta Espainiako Auzitegi Gorenean bere bidea egiten ari da, baina epaia errespetatuko dutela zehaztu du udalak, eta bi eraikin horiek ekipamenduetarako erabiliko dituzte.
Kuartel Berririk Ez plataforma antimilitarista kritiko azaldu da salerosketa akordioarekin, eta sinadura bilketa bat egin dute hirian kuartel berririk eraiki ez dezaten. Izan ere, Espainiako Defentsa Ministerioak jakinarazi zuen ibaiaren beste aldera eramango zuela instalazio militarra. «Argi adierazi nahi dugu ez dugula kuartel berririk behar, ez Donostian, ez munduan beste inon: gastu militarra inbertsio eta alternatiba sozialetara bideratu behar da», aldarrikatu dute.
Prozesu luzea
Akordiora heltzeko prozesua luzea izan da. Hiriaren eskari historikoa da Loiolako kuartelen lursaila bere esku gelditzea, bertan etxebizitzak eraikitzeko. Udalak Espainiako Gobernu hainbatekin eztabaidatu du gaia urte luzez, eta beti militarren lekualdatzea izan da oztopo nagusia. 2020ko azaroan, EAJk Espainiako Gobernuarekin akordioa lortu zuen, militarren lekualdatzea alde batera utzita, kuartelak udalaren esku gelditzeko, jeltzaleek Espainiako Aurrekontu Orokorrak babestearen truk.