Mikel Zabalzaren senideak Denis Itxasorekin bildu dira, Espainiako Estatuak "egia osoa argitu dezan"
Asteartean, Mikel Zabalzaren arrebak eta Mikel Zabalza Herri Ekimeneko bi kide EAEn Espainiako Gobernuko ordezkaria den Denis Itxasorekin batzartu ziren, joan den azaroaren 26an batzarra eskatu ostean.
Azaldu dutenez, duela bi urte, Itxaso agertu egin zen Donostiako Udalak Mikel Zabalzari egindako aitortza ekitaldi instituzionalean: “Orduan, ekimen ‘pertsonala’ izan zela aipatu bazuen ere, halako ardura politiko eta instituzionala duten pertsonei, kasu honetan Gobernuaren ordezkariari, ezin zaio onartu adieraztea ekimen ‘pertsonal’ hutsa izan zenik, duen karguaren jabe izanda, kutsu politiko osoa baitu egindako urrats hark; are, Estatuak egiarekiko duen zorra izanda”.
Batzarrean, Espainiako Estatuari eskatu diote bertan behera utz dezan, 37 urte eta gero, “berak bakarrik eusten duen ‘egia ofiziala’, horren haritik bakarrik eskuratu ahalko baitira egia, justizia eta erreparazioa”.
“Gogorarazi genion Estatuko ordezkariari Nafarroako Parlamentuak eta Eusko Jaurlaritzak aitortu egin dutela Mikel poliziaren biolentziaren biktima gisa, eta Espainiako Estatuari dagokiola, eta badezakeela, horren froga berriak bilatzea, horiek ez baitira lortuko borondate politikoaren ondorioz ez bada», gaineratu dute.
Eta, adierazi dutenez, “Denis Itxasok erantzun zuen garai zaila dela, orain artean ez dagoela froga berririk, baina Madrili helaraziko diola senideen eta Mikel Zabalza herri ekimenaren eskaria, eta saiatuko dela aurrerapausoren bat lortzen”.