Norteko tren geltokia eraisteko lanak hasi dituzte
Donostiako tren geltokia gainetik zeharkatzeko zubibidetik ikus daiteke. Herritar asko geratu dira pasabidean geltoki zaharrari begira. Izan ere, eraisketa lanekin hasi dira. Ez dute bere osotasunean botako, baina nasak birrindu dituzte, eta trenbide ingurua zeharo bota dute.
Azaroaren 28an ireki zuten Atotxako behin-behineko geltokia, eta hori da erabiltzaileek orain erabili behar dutena. Horrela, tren zerbitzua Erdialdeko aldean hartzen zutenek aipaturiko pasabidea erabili behar dute Egiako sarbide berri eta bakarrera joateko.
Atotxako geltokia Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Donostiako geltokia izango da, eta, horregatik egiten ari dira lanak. 2020an adjudikatu zituzten 80 milioi eurogatik, eta orduan itxi zuten Egiako tunela. Haren ordezko goiko behin-behineko pasabidea 2020ko urriaren 13an ireki zuten. Ondo bidean, Atotxako behin betiko geltokia 2024ko urtarrilerako irekita egotea aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak.