Udalak elkarretaratzea egingo du Lukas Agirreren erailketagatik
Lukas Agirre gaztearen erailketagatik atxilotutako hiru gazteek ertzain etxean jarraitzen dute.
Gabon gauean erail zuten Lukas Agirre gazte hernaniarraren erailketa salatzeko elkarretaratzea antolatu du Donostiako Udalak, bihar, asteartean, 12:00etan Alderdi Ederren. Albiste lazgarria jakin eta gutxira, Eneko Goiak txio bat argitaratu zuen haren “atsekabea” adierazten: “Bidegabekeri honen arduradunek justiziaren aurrean erantzun dezatela lehenbailehen.Portaera larri hauek ez dute tokirik gure hirian eta ez dugu horrelako jenderik nahi gure artean”.
24 urteko gaztearen hilketarekin lotuta atxilotutako hiru gazteak Ertzaintzaren egoitzan jarraitzen dute, eta epailearen esku utzi aurretik ikerketekin jarraitzen du Ertzaintzak. Hiru gazteak, 28 urteko emakume bat eta 26 eta 24 urteko bi gizon, Ertzaintzaren komisarian daude atxilotuta, atzo goizean Donostiako Okendo plazan Lukas Agirre gaztearen labankadarekin zerikusia dutelakoan.
Gertakaria 06:20ak aldera izan zen, Viktoria Eugenia Antzokiaren eta Maria Kristina hotelaren arteko plazan. Bertan, biktimak hainbat labankada jaso zituen, eta, ondorioz, bertan hil zen.
Ordubete geroago, Udaltzaingoak 26 urteko gizon bat eta 28 urteko emakume bat atxilotu zituen Hondarribia kalean, ustez erasoarekin lotuta. Ondoren, 10:00ak aldera, 24 urteko gazte bat bere borondatez entregatu zen Donostiako ertzain-etxean.
Ertzaintzak gertakariari buruzko izapideak egiten jarraitzen du, hiru atxilotuak Donostiako epaitegira eraman aurretik.