Arrats Elkartearentzat eta Caritasentzat laguntza zuzenak, 'Urratsak bidean' proiekturako
Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Arrats Elkarteari eta Caritasi diru-laguntza zuzenak ematea, konfinamenduan zehar, Donostiako Udalak bideratutako aldi baterako aterpetxeetan artatutako pertsonen gizarteratze soziokomunitarioa xede duten jarduerak ordaintzeko. Diru-laguntza hauek ‘Urratsak Bidean’ programaren barne kokatzen dira.
Hala, irabazi asmorik gabeko Arrats elkarteak 400.000 euro jasoko ditu, eta Caritasek 230.685 euro. Bi diru kopuruak 2022ko ekitaldiko aurrekontuari dagozkio. Urte horretan 42 lagunek hartu zuten parte proiektuan Caritasen bitartez, eta 31k Arratsen bidez.
2020ko martxoan dekretatutako alarma egoeran, kale egoeran zeuden pertsonen harrera baliabideen beharrari erantzuteko, Donostiako Udalak ezohiko plazak gaitu zituen hainbat eremutan. Alarma egoera amaitu ondoren, artatutako pertsonek hilabete haietan hasitako gizarteratze prozesuarekin jarraitu behar zutela erabaki zen. Eta, horretarako, Lehen Urratsa proiektua abiarazi zen.
Caritasek eta Arratsek Lehen Urratsa programan parte hartu dute 2020ko uztailetik, eta Donostiako Udalak alarma-egoeran gaitutako baliabideetatik datozen pertsonei arreta eta gizarte-laguntza eskaini dizkiete.
Programak emaitza onak lortu zituen. Hala ere, kontuan hartuta 2022ko urtarrilean pertsona onuradunek zailtasun handiak zituztela ostatua eta gizarte laguntza aurkitzeko, Arratsek eta Caritasek Urratsak Bidean programa ezartzea erabaki zuten, pertsona horiekin lanean jarraitzeko. Izan ere, hala egin ezean, pertsona horiek bizitegi bazterketa larriko egoera batera itzuli beharko zuten, eta gizarteratzeko prozesua eten egingo zen.