Jendetza, Lukas Agirre gaztearen hilketa gaitzesteko
Elkarretaratzea antolatu dute Donostiako Udalak eta Hernaniko Udalak gaur eguerdian Alderdi Ederren, eta deialdiari erantzunez, ehunka lagun elkartu dira, Lukas Agirre gazte hernaniarraren hilketa gaitzesteko.
Elkarretaratzea isila izan da, eta bi bider apurtu da soilik isiltasuna, txalo zaparrada artean. Amaitzerakoan, senideak eta udal ordezkariak udaletxe barrura sartu dira, eta ez dute inolako adierazpenik egin.
Eneko Goia alkateak, protesta isilaren aurretik hainbat adierazpen egin ditu udaletxe barruan. Adierazi duenez, “hunkituta eta ukituta” jarraitzen dute gertakari latz horiengatik, eta honelako gertaerek hirian lekurik ez dutela berretsi du.
Segurtasunaren auzia ez du ezbaian jarri, gau horretan behar beste udaltzain eta “bestelako polizia” zegoelako hirian: “Baina ezin da minutu gutxi irauten duen honelako gertaera bat ekidin”. Hausnarketa eskatu du, “zer dela-eta eraman dezaek norbaitek laban bat jai giroan? Zertarako?”.
Arma zurien erabilera debekatuta dagoela gogora ekarri du, eta datu bat eman du: aurten Donostiako Udaltzaingoak bakarrik 330 arma zuri atzeman ditu. Ez du xehetasunik eman, baina horrelakoak gau giroan eman ohi direla uste du Goiak. Urte Zahar gaua gertu dela-eta, poliziaren presentzia nabarmena izango dela baieztatu du Goiak.