60 urte Vicente Lertxundi anarkista hil zutenetik, eta familia, oraindik, egia eske
Atzokoan 60 urte bete ziren Vicente Lertxundi Mayoz donostiarra Martuteneko kartzelan preso zegon bitartean jasotako torturen ondorioz hil zenetik. Egiari Zor Fundazioak omenaldi xumea egin du Txomiñenea. Udaleko EH Bilduko zinegotziak izan dira omenaldian, baina ez da inolako udal ordezkaririk izan bertan.
1962an Espainiako POliziak atxilotu eta Martuteneko kartzelan sartu zuen Vagos y maleantes [alperrak eta gaizkileak] legea aplikatu ondoren. Bertsio ofizialaren arabera, presoa espetxeko erizaindegira eraman zuten funtzinoarioek. Familiaren testeigantzaren arabera, ordea, espetxeko kartzelariek “modu basatian” jipoitu zuten Vicente.
Jasotako kolpeen ondorioz, presoa “egoera tamalgarrian” zegoela ikusita, espetxetik kanporatzea erabaki omen zuten, “bertan hil zedin eta horrek eragingo zukeen eskandalua ekiditeko”.
Martuteneko kartzelaren atzealdean, Txomiñenean, bizilagun batek aurkituz zuen eta garaiko erresidentziara eraman omen zuen. Bertan hil zen Lertxundi, eta senideek kontatzen dutenez, bere azken hitzak honakoak izan ziren: “Hil naute, hil naute”.
Egiari Zor Fundazioak salatu duenez, “inongo erakunde ofizialek ez zuen VIcenteren heriotzaren nondik norakoak argitzeko ikerketarik zabaldu”. Salatu dutenez, tortura “praktika sistematikoa” izan da azken hamarkadetan: “Ez da polizia batzuen kontua izan. Tortura posible izan da mediku forentseen, epaileen, abokatuen, hedabideen, gobernu arduradunen eta alderdi politikoen laguntzari esker. Eta izan zen frankismoan, trantsizioan eta baita ere demokrazia garaian”.
Egia aldarrikatu dute, eta biktima guztien aitortza eman dadin, beharrezko bitartekoak jartzeko eskatu diete erakundeei.
Udalari inplikazio handiagoa
Iñaki Revueltak hartu du hitza ostean –Vicente Lertxundi osaba zaharra zuen–, eta bertaratutakoei eskerrak eman ostean, “errekonozimendu falta eta egia falta” salatu ditu: “Tortura hauek erantzule guztiek inpunitatez gozatzen jarraitzen dute. Nahikoa da”.
Erantzukizunak eskatu ditu Revueltak: “Zur eta lur ikusten dugu, nola, gaur egun, ordezkari politikoek aitzakiak bilatzen jarraitzen duten botere publikoak sustatutako torturen eta erailketen erantzukizun politikoak ez argitzeko”. Biolentzia guztiak “neurri beraz” landu behar direla exijitu du.
Donostiako Udalari eskaera egin dio Revueltak: “Biktima guztien mina errespetatzen dugu, udal gobernuak egiten dituen plakak eta gainontzeko oroimen egitasmoak, baina inplikazio handiagoa eskatzen diogu beste biktima ahaztu eta marjinatuentzat erreparazioa lortzeko orduan”.