Marisol Garmendia haserre, Konstituzio plazari jatorrizko izena jarri diotelako
Donostiako PSE-EEren bozeramaile Marisol Garmendiak salatu du Konstituzio Plaza izena estaltzen duten udal kale izendegiko idazkun ofizialen gainean pegatinak jarri dituztela, eta horren ordez Plaza Berria jarri dutela. Honela adierazi du hedabideetara gaztelania hutsean igorritako mezuan: “Ez dugu onartuko batzuek konstituzio plaza izena kentzea”.
Garmendiaren arabera: “Batzuek, betikoek, EH Bilduko alkate Izagirreren agintaldian egin zuten, eta orain ere egin dute. Konstituzio Plaza izenarekin bi mende baino gehiago daramatzan plaza bati nortasuna kentzea”. Garmendiak ez du zehaztu nor diren “betikoak”, baina adierazi du “haien postulatu ideologikoetatik”, Parte Zaharra eta plaza bera, “eurena dela uste dutela”, Plaza Berria idazkuna jarri dutenak.
1822an hiriko agintariek lortutako udalbatza akordioak jarri ziola izena gogoratu du Garmendiak, horrekin legitimitate nahikoa duelakoan.
Edonola ere, Garmendiak ez dio erreferentziarik egin plazaren jatorrizko izenari: 1722an, inauguratu zen urtean, Plaza Berria zen izen ofiziala, hain zuzen. Eta horrela iraun zuela gutxienez ehun urtez. Konsitutzio enparantzarekin batera mantendu zen izena, aharik eta erabat galdu zen arte.
Izen aldaketa gehiago izan zituen, ordea, plazak. Frankismoan zehar Plaza del 18 de julio izenez bataiatu baitzuten faxitek [uztailaren 18aren plaza].
2013an, Donostiaren erreketaren 200.urteurrenean, hainbat herritarrek Plaza Berria izena berreskuratzeko deia egin zuten, eta aurten, plazaren inauguraziotik 300 urte bete diren honetan, berreskuratu dute dinamika Plaza Berria Berreskuratu Dezagun egitasmoaren bitartez.
Pegatina hauek, ordea, ez dituzte egitasmoko kideek egin. San Tomas egunaren biharamunean bideoa argitaratu baitzuen Ehun mugimenduak, haien sare sozialetan.
Bakoitzari dagokion izena.#EuskalErrepublika pic.twitter.com/jDwm7g6yFq
— Ehun #EuskalErrepublika (@ehunduz) December 22, 2022