Brava bat bakarra munduan
Donostiako Brava DJ famatuak ezingo du gehiago bere izen artistikoa erabili. Hala eman du jakitera sare sozialetan Sara Delgado artistak. Arrazoia? Izen bera duen Madrilgo Brava rock taldeak izena erregistratu zuela, eta epaitegietara jo zutela.
Delgadok aitortu du berak ez zuela erregistratuta izena, eta jada ezin duela ezer egin. Nahiz eta beste taldea baino lehenago hasi zen Brava izenarekin, eta oihartzun askoz handiagoa izan duen –Espainia mailan ospe handia lortu du, eta nazioartean saio mordoa egiten ari da–, Delgadok ez zuen izena erregistratu eta ezingo du gehiago izen hori erabili. Hemendik aurrera La Brava izango da.
Izugarrizko babesa jaso du sareetan, artista eta lagunek Delgadoren mezua zabaldu dute eta beste taldeari izandako jarrera aurpegiratu diote. C. Tanganak berak idatzi dio babes mezua sareetan, “zerbait” egin beharko litzatekeela eskatzen, eta artisten artean denuntziatzen ibiltzea salatuz. Euskal eszenako artista ugarik eman diote babesa La Bravari: Chill Mafia, Wohou, Sara Azurza, Olatz Salvador eta Arriguri, besteak beste.
Brava edo La Brava, donostiarrontzat bakarra munduan.
View this post on Instagram