"Loiolako hipika ez zaio inori axola"
Loiolako Hipikaren Erabiltzaileen eta Lagunen Elkarteak adierazi du hipikaren aldeko lanean jarraituko duela.
Espainiako Defentsa Ministerioak abenduaren 31n itxi zuen Loiolako hipika. Azken hilabeteak “jarduera gutxikoak” izan direla jakinarazi du Loiolako Hipikaren Erabiltzaileen eta Lagunen Elkarteak. “Behin betiko irtenbide bat egon arte erabaki dugu, ahal dugun laguntza guztiarekin, Loiolako hipikari eustea gure hiriko ekitazioa desagertu ez dadin”, gaineratu dute ohar baten bidez.
“Loiolako kuartelen salmentaren berri eman zenetik, eta, horren ondorioz, kuartelen kokapen berria Loiolako hipikaren lurrak izango zirela esan zutenetik, elkarte honek zaldiketaren jarraipena bermatzeko ahaleginak egin ditu. Horrela, kirol hau eta hipika honek duen garrantzia historikoa Donostian ez galtzeko”, adierazi du elkarteak.
Kuartelen lursaila saltzeko prozesuak iraun duen bi urtetan, hipikaren etorkizuna argitu gabe geratu dela ohartarazi dute: “Orain hipika den lekuan kokaleku militar bati buruzko zurrumurruak daude, baieztatu gabe. Hala ere, langile militarrak instalazioetatik igaro direla eta hipikaren zati bat desmuntatzen hasi direla badakigu. Izan ere, inork ez du Loiolako Hipikaren egoeraren erantzukizunik”.
Elkartea erakunde guztiekin jarri da harremanetan, hipikaren etorkizunaren berri izateko eta eremu horretan kirol gune bat jar dezatela eskatzeko. Izan ere, ekitazioa leku horretan praktikatzen jarraitzea da elkartearen helburua. EAEko Hipika federazioak bakarrik erantzun dio elkarteari instalazioen itxiera baieztatuz. “Gainerakoek ez dakite, ez dute erantzuten eta ez dagokie. Laburbilduta, Loiolako hipika ez zaio inori axola. Oso zaila da ingurune politiko-militar batean erantzunak lortzea, jakin gabeko interesak egonda”.