Urte zahar, garaipen berri
Munduko Futbol Txapelketak eragindako eten luzeak ez da zama bihurtu Realarentzat. Larunbatean, 2022. urteko azken egunean, lehiara itzuli ziren txuri-urdinak. Anoeta futbol zelaia goraino bete zen Osasunaren kontrako ligako derbiaz gozatu ahal izateko. Realak borobildu zuen arratsaldea, gorritxoei aise irabazita (2-0). Brais Mendezek eta Alexander Sorlothek egin zituzten golak. Garaipen horri esker, txuri-urdinek sailkapen nagusiko hirugarren postuan jarraitzen dute Bartzelona eta Real Madril ahalguztidunen atzetik.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek ezin izan zuen hirugarren garaipena jarraian kateatu. Gernikari eta Leganesi irabazi ostean, pasa den ostiralean huts egin zuten etxean Araskiren kontra (73-75). Horiek horrela, atzean utzita zuten galera ezin izango dute berehalakoan ahaztu.
Eskubaloian, urrun samar geratu bada ere, ezin aipatu gabe utzi Bera Beraren balentria. Izan ere, abenduaren 28an Rocasa bigarren sailkatua menderatu zuten (30-22), eta horri esker sailkapeneko buruan bakarrik geratu dira.
EMAITZAK
Futbola
Gizonezkoen lehen maila, 15. jardunaldia
- Reala 2 – Osasuna 0
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 15. jardunaldia
- Ibaeta Basket 73 – Araski 75
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 10. jardunaldia
- Bera Bera 30 – Rocasa 22