Illunbeko eremu komertziala saltzeko beste lehiaketa publiko bat egingo du udalak
Illunberen etorkizuna 2023an argitu nahi du Donostiako Udal Gobernuak. Horrela iragarri du gaur Eneko Goia alkateak. Eremu komertziala saltzeko azken saiakera bertan behera geratu ondoren, beste lehiaketa publiko bat egingo du udalak.
2023ko udal aurrekontuei begira, alkateak esan du Illunbe saldu ez izanak ez duela izango eraginik. Aldiz, likidazioan, bai. “Ondorio eramangarri bat da”, gaineratu du Goiak. Udalak ez du aurreikusten Illunbeko eremu komertziala eraistea. Gaur egun eraikita dauden eraikinei erabilera bat ematea da helburua, batez ere, horretarako kostua txikiagoa delako.
Hedabide honek aurreratu moduan, salgai dagoen eremuari beste aukera batzuk ikusten dizkio orain udalak. Alokairuko etxebizitza partekatuen proiektu bat (coliving delakoa) garatu daitekeela uste dute. Horrekin batera, Miramongo Parke Teknologikoarekin lotzea da lantzen ari diren ildoa.
Zezen plaza
Biak udal jabetzakoak izanik ere, Illunbeko eremu komertziala eta zezen plaza bereizita daude. Eta zezen plazari dagokionez, udalak aurten abiatu nahi du eraikina eraldatzeko prozesua. Zehazki, askotariko erabilera izango duen pabiloi bihurtu nahi dute kirol eta kultur ekitaldiak har ditzan –orain arte bezala, baino eraikina egokituta–.
Udalak 8 milioi euroko inbertsioa du aurreikusita zezen plaza pabiloi bihurtzeko. Inbertsio horri aurre egiteko hainbat aukera aztertzen ari dira, eta horietako bat da eraikinaren kontzesioa. “Urte hau izan behar du erabakigarria. Gainerako erakundeekin hitz egin eta adostu nahi dugu Illunberen etorkizuna”, azaldu du alkateak.