Abisu horia emango dute asteburuan haizeagatik eta olatuengatik
Segurtasun Sailak abisu horia ezarriko du gaur gauerdian hego-mendebaldeko haize boladengatik, haizeguneetan orduko 100 kilometroko abiadura gainditu baitezakete. Gainera, igandean hiru abisu egongo dira aktibatuta olatuei dagokienez.
Abisu horia bihar, larunbata, 15:00ak arte egongo da indarrean; izan ere, arratsaldean haizea baretu egingo da eta 50-80 kilometro inguruko boladak izango dira. Haizeguneak ez diren lekuetan, haizeak 80 kilometro orduko abiaduran jo dezake. Haizeguneak ez diren guneei buruzko bigarren abisu hori 03:00etatik 12:00etara egongo da indarrean.
Olatu handiak igandean
Igandean hiru abisu hori aktibatuko dira: bat olatuengatik, bost metrora iritsi ahal izango baita, batez ere igande eguerdian, eta bi itsasgorarekin batera kostaldean izango duen inpaktuagatik.
Lehenengo itsasgora 05:30ak aldera izango da, eta 3 eta 3,5 metro arteko olatuak izan daitezke itsasertzean. Bigarren itsasgora 18:00ak baino lehen izango da, eta 4 eta 4,5 metro arteko olatuak espero dira.