Illunbe saltzeko beste saiakera bat
Illunberen etorkizuna 2023an argitu nahi du Donostiako Udal Gobernuak. Horrela iragarri du Eneko Goia alkateak. Eremu komertziala saltzeko azken saiakera bertan behera geratu ondoren, beste lehiaketa publiko bat egingo du udalak.
Donostiako Udalak ez du lortu Illunbeko eremu komertziala saltzea –zezen plaza salbuetsita dago–. 22.006.276 eurokoa zen lehiaketa publiko bidez zehaztu zuten salmentaren prezioa. Horietatik 17.100.000 euro eskudirutan ordaindu behar ziren, eta 4.906.278 euro jarri behar ziren bide loturak egiteko. Ordea, udalak ez du diru hori jasoko. Are gehiago, 2016an egindako akordioaren bidez, Moyuak eta Altuna y Uriak osaturiko aldi baterako enpresa elkarte adjudikaziodunak 17 milioi euroren truke erosi behar zuen aipaturiko eremua. Ordea, udalak kopuru hori ordaintzeko enpresa elkarteari hiru luzapen eman ostean, abenduaren 22an, ordainketa egiteko azken data iraungi da behin betiko. Hau da, ez da beste luzapenik egongo.
Lehiaketa publikoaren lehen helburua Illunbe merkataritza gune bihurtzea zen. Ordea, enpresa elkarte adjudikaziodunak atzera egitea erabaki du. Batez ere, Internet bidezko merkataritza nabarmen hazi delako eta Garbera merkataritza zentroa handitu dutelako. Iazko ekainean, bi aldeek kontratua aldatzea adostu zuten eremuari beste erabilera bat eman ahal izateko. Horrela ere, enpresa elkarte adjudikaziodunak Illunbeko proiektuarekin aurrera ez egitea erabaki du.
Udal aurrekontuak
Illunbe saldu ez izanak ez du eraginik izango 2023ko udal aurrekontuetan. Hori adierazi zuen asteartean Eneko Goia alkateak, prentsa aretoan. Aldiz, likidazioan eragina izango duela aitortu zuen: «Ondorio eramangarri bat da». Horrez gain, nabarmendu zuen udalak ez duela aurreikusten Illunbeko eremu komertziala eraistea. Gaur egun eraikita dauden eraikinei erabilera bat ematea da helburua, batez ere, horretarako kostua txikiagoa delako.
Salgai dagoen eremuari beste aukera batzuk ikusten dizkio orain udalak. Alokairuko etxebizitza partekatuen proiektu bat –Coliving kontzeptu gisa ezaguna– garatu daitekeela uste dute. Horrekin batera, Miramongo Parke Teknologikoarekin lotzea da lantzen ari diren proiektua. Dena dela, Goiak ez zuen xehetasun gehiagorik eman astearteko agerraldian. Datozen hilabetetan beste hirigintza plan bat landuko dutela adierazi zuen, baina ez zuen horretarako eperik eman.
Zezen plaza
Biak udal jabetzakoak izanik ere, Illunbeko eremu komertziala eta zezen plaza bereizita daude. Eta zezen plazari dagokionez, udalak aurten abiatu nahi du eraikina eraldatzeko prozesua. Zehazki, askotariko erabilera izango duen pabiloi bihurtu nahi dute kirol eta kultur ekitaldiak har ditzan –orain arte bezala, baino eraikina egokituta–.
Udalak 8 milioi euroko inbertsioa du aurreikusita zezen plaza pabiloi bihurtzeko. Inbertsio horri aurre egiteko hainbat aukera aztertzen ari dira, eta horietako bat da eraikinaren kontzesioa. «Urte hau izan behar du erabakigarria. Gainerako erakundeekin hitz egin eta adostu nahi dugu Illunberen etorkizuna», azaldu zuen Goiak.