La Kontenedora espazioa sortu dute, hiriko kultura eredua eraldatzeko
Hirian dauden gabeziez arduratuta, artista talde batek lokal bat ireki du Amara Berrin: La Kontenedora. Elkarte bat ere bada, eta hiria eraldatzeko asmoz sortu da: kultura izango dute lanabes.
Antso Jakitunaren hiribidean, zortzigarren zenbakian, lokal berri bat ireki dute hainbat artistek: La Kontenedora. Lokala eta elkartea da, eta hiriko arte panorama eraldatzeko sortu dira. Espazio diafano batek osatzen du lokala, baina badu terraza polit bat; bertan egin zuten joan den astean inaugurazio ekitaldia, poesia emanaldi eta performanceekin.
Jende ezberdin asko elkartu da egitasmoan, baina denek helburu berbera dute, Elena Scaratti artistak azaldu duenez: «Arte garaikidearen espresio guztiak behatzea da gure helburua. Museoetan dagoena ez da garaikidea, 5, 10 edo 20 urte ditu. Garaikidea kalean dago».
Bertikala vs errizomatikoa
Ez dute erakundeen parte izan nahi, eta hain zuzen, haien ustez, hori da Donostiak duen arazorik handiena: kultura goitik behera antolatzen dela beti. Eredu bertikal-piramidalean, «beti dago norbait goiko aldean, eta horrek pertsonen arteko komunikazio askea oztopatzen du». Scarattiren ustez, eredu bertikalak «unibertsoaren komunikazio librea gelditzen du. Pertsona bakoitza unibertsoaren obra baita; zu hemen bazaude, zure harrikada egiten, gainontzekoei lotuta zaude».
Pentsamendu errizomatikoaren alde egiten dute, komunikazioa bide ahalik eta libreenean zabaldu dadin. Biologian, errizoma lurpeko zurtoin eraldatu bat da, zenbait begi dituena eta luzetara hazten dena. Gilles Deleuze filosofoak erabili zuen kontzeptua, antolaketa horizontalak ulertu eta hauspotzeko.
Kontenedorako kideen ustez, kapitalismoaren baitan, artistak interesa dauka soilik saltzen dakien bitartean: «Guri bost axola zaigu saltzea, guk nahi duguna da informazioa mugitzea; kultura elikatzeko nahi dugulako. Kulturaz elikatzeko, murgildu egin behar zara eta iturrira joan, kalera, alegia».
«Goian dagoena» kendu nahi dute, «mugarik gabeko» arte espresioak eman daitezen. Irizpide estetiko eta formalaren arabera soilik hautatzen badira obrak, ez dira nahi ditugun konexioak sortzen. Espazioa horretarako da: «Garaikidearen barruan, inongo mugarik gabe sortzeko».
Bazkide bila
«Hiriari ekarpena egingo diogu, eta espero dugu hiriak guri ere ekarpena egitea». Bazkide bila hasiko dira urtarriletik aurrera, proiektua sostengatzeko.
Aurrera begira bertako artisten lanak salgai jarriko dituzte azoka batean, eta urtarriletik aurrera, jarduerekin hastea espero dute: tailerrak, lantokiak, erakusketak… ez dakite zer gertatuko den, baina «denetarik» izatea espero dute.
Abenduaren 8an Dabadaban egin zuten kolektiboko kideek aurkezpen eklektikoa, pintura, poesia, musika eta performanceak nahastuz. Nahasketa horiek izango dira hiriari arnasa emango diotenak.