Miguel Angel Diez PSE-EEko zinegotziaren kontrako salaketa jarri dute, prebarikazioagatik
Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkarteak salaketa jarri du Migel Angel Diez Bustos Donostiako Udaleko PSE-EEko Hiri Mantentze Lanetako zinegotzi ordezkariaren aurka, prebarikazioagatik.
Indarrean dagoen Ostalaritzarako Jabari eta Erabilera Publikoko Lurzoruaren Okupazioak arautzen dituen Ordenantzaren 9.2 artikuluan, Donostiako Parte Zaharrerako baldintza espezifikoei buruzkoan, honako hau adierazten da: “Zamalanetarako aurreikusitako ordutegia amaitu arte, ezin izango dira terrazak jarri, Bulebarreko 18. eta 26. zenbakien artean kokatutako terrazetako bi ilara izan ezik”.
Bada, hain zuzen, Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkarteak “uda honetan behin eta berriz” salatu du, establezimenduetako batek, gutxienez, 09:00etatik aurrera jartzen duela terraza.
Bizilagunen haserrea “handia izan zen” udalaren erantzunean, “Miguel Angel Diez zinegotzi delegatuak berak 2022ko uztailaren 22an baimendu zuela jakiterakoan”. Auzo elkartearen arabera, udal ordenantza horren aurkako erabakia hartu zuen Diezek, eta, horrela, “legez indarrean ez dagoen arau berezi bat sortu”.
Gogoratu dutenez, prebarikazio delitua Zigor Kodearen 404. artikuluan dago araututa: “Bidegabekeria dela jakinda, administrazio auzi batean ebazpen arbitrarioa ematen duen agintari edo funtzionario publikoari enplegu edo kargu publikorako eta sufragio pasiboko eskubidea erabiltzeko desgaikuntza berezia ezarriko zaio, bederatzi urtetik hamabost artekoa”.