Ia bi urtez itxita egongo da Koldo Mitxelena
Gipuzkoako Foru Aldundiak Koldo Mitxelena Kulturunearen zati bat eraberritzeko proiektua onartu du asteartean, 8.400.000 euroko lizitazio aurrekontuarekin eta 21 hilabeteko exekuzio epearekin. Oraindik ez dago hasiera datarik, baina obrak iraungo duten ia bi urteetan, eraikina erabat itxita egongo dela baieztatu du aldundiak.
Obrak egiten diren bitartean, liburuak mailegatzeko zerbitzua Komikiguneko lokalera eramango da, Errege Katolikoen kalera, eta jarduera aretoaren programazioa Santa Teresa Komentuan egingo da.
Liburutegiko zerbitzu teknikoak, ikertzaileentzako arreta eta infoteka Villa Asuncionera eramango dira, Miracruz Gainean, eta funts historikoa eta ondarezkoa Oñatiko Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan egongo dira, baina ikertzaileek dokumentuak eskatu ahal izango dituzte.