Loiolako kultur etxe pareko aparkalekua lekualdatzeko lanak egiten ari dira
Donostiako Udalak pasa den urrian onartu zuen Loiolako Lorategi Hiria urbanizatzeko proiektua. Oraindik ez dituzte hirigintza plan horri loturiko obra hasi, baina lan batzuk aurreratzen hasi dira. Udaleko iturrien arabera, Loiola Kultur Etxe pareko aparkalekua lekuz aldatuko dute, eta, horretarako, Easo enpresaren biltokia eraitsi eta egokitzen hasi dira. Hau da, leku horretara lekualdatuko dute aparkalekua.
Loiolako Lorategi Hiriaren urbanizazio proiektuak eremuaren “berroneratze orokorra ekarriko” duela nabarmendu du udalak: “Etxebizitza, ekipamendu, bide, espazio libre eta aisialdirako eremu berriak sortuko dira, eta gaur egun ez duen hiri kalitatea emango zaio”. Horrekin batera, bizitegi erabilerari lehentasuna emango diote proiektuaren bidez, 2010eko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean aurreikusi moduan.
Eneko Goia alkateak dio 2023ko proiektuetako bat izango dela Loiolakoa: “Egingo den birsorkuntzak, batetik, inguruko auzoen arteko lotura hobetuko du, eta, bestetik, babes publiko motaren bat izango duten etxebizitza berriak sortuko dituzte. Donostiarrek hirian euren bizitza proiektua garatu ahal izango dute”.