Metroaren lanek beste pitzadura bat eragin dutela salatu du Satorralaiak
Satorralaia bizilagunen mugimenduak Donostiako Metroaren eraikuntza lanek Loiola kalearen eta San Martinen arteko izkinan dagoen eraikinean –Erviti musika denda zegoen tokian– eragindako kalteak salatu ditu.
Satorralaiak kalte horien arrazoia Donostiako Metroaren Erdialde-Kontxako geltokira sartzeko kanoiak eraikitzeko Easo eta San Martin kaleetan erabili diren metodo “erasokorretan” dagoela salatzen du, eta hori Eraikuntza Proiektuan “sarbide-kanoiak oso eremu eraikian daudela, eta horrek eraikuntza-arrisku handiak dakartzala” ohartarazten den arren.
Erabilitako eraikuntza sistema metro batetik gorako diametroa duten piloteak lurpean presio bidez lerrokadan sartzea izan da, era horretan luzetarako pantaila hormak eraikitzeko, eta pilote eskerga horiek indar bortitzarekin presionatuz sartu behar izan dituzte.
Bestalde, Easo kaleko 31. zenbakian dagoen eraikinean balkoia erori egin zen joan den urtarrilaren 4ean, eta gertakari horren zergatia momentuz argitu gabe badago ere, Satorralaiak nabarmendu duenez, Metroaren Proiektuak berak nabarmentzen du eraikin horren azpitik igaroko den San Bartolomeko sarbide kanoia eraikitzeak etxe horrentzat dakarren arrisku larria, Metroaren geltokira sartzeko sarbide horren zulaketa lanak eraikinaren zimenduetatik oso hurbil egin behar direlako.