Derbia irabaztera doa Reala, hirugarren postua gehiago ziurtatzeko
Iritsi da zale txuri-urdinek zein zuri-gorriek gogoz itxaroten duten asteburua: Realaren eta Athleticen arteko derbiaren asteburua. Larunbatean izango da partida, 21:00etan, Anoetan, eta egoera desberdinetan iritsiko dira bi taldeak. Reala hirugarrena da ligan, eta ondo hasi du urtea, bi garaipen jarraian lortuta. Aldiz, Athletic zazpigarrena da ligan, aurten oraindik ez du partidarik irabazi ligan (kopan bai, Eldenseren aurka), eta Europako postuetan sartzeko lehia bizian dabil. Gogoz helduko da Anoetara, puntu bateko aldea baino ez baitauka seigarrenarekin eta bosgarrenarekin.
Futbolarekin jarraituz, Realeko neskek Valentziaren etxean jokatuko dute igande eguerdian. Natalia Arroyoren taldea seigarrena da ligan, eta garaipena behar du goiko postuengatik borrokatzen jarraitzeko. Valentzia, aldiz, sailkapenaren erdialdean dago, baina porrota ez litzaioke batere ondo etorriko, beheko taldeek emaitza onak lortuz gero, sailkapenean nabarmen egin baitezake behera. Horrela, partida bizia izatea espero da.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek Bembibre hartuko du Donostian larunbatean. Garaipen bat behar dute donostiarrek, beheko postuetatik ateratzen hasteko. Eta, hain zuzen, Bembibreren aurkako neurketa aukera ona izan daiteke horretarako, sailkapenaren erdialdeko taldeetako bat baita.
Eskubaloian, Bera Berak Barakaldoren etxean jokatuko du larunbatean. Ez luke partida zaila izan beharko donostiarrentzat; izan ere, ligako liderra da Bidebietako taldea, eta behetik hasita hirugarrenak dira bizkaitarrak.
PARTIDAK
Futbola
Gizonezkoen liga, 17. jardunaldia
- Reala – Athletic (larunbata, 14, 21:00etan).
Emakumezkoen liga, 15. jardunaldia
- Valentzia – Reala (igandea, 15, 12:00etan).
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 17. jardunaldia
- Ibaeta Basket – Bembibre (larunbata, 14, 18:00etan).
Eskubaloia
Emakumezkoen liga, 11. jardunaldia
- Barakaldo – Bera Bera (larunbata, 14, 19:30ean).