Urtea hasi baino ez da egin, eta hemen dira Donostiako lehenengo jaiak: Antiguako sansebastianak. Lehertu dira jaiak, eta bi urtez jaiak behar bezala ospatu ezinik egon ostean, Antiguakoak inoiz baino gogo gehiagorekin azaldu dira Bentaberri plazan, poteo eleganterako behar bezala jantzita.
Zortzi danborradak desfilatuko dute estreinakoz San Sebastian egunean. Zazpi helduenak dira, eta bat haurrena.
Union Artesanak haurren danborrada osatu du, eta Parte Zaharrean desfilatuko dute hilaren 19an, arratsaldez. 120 kidez osaturikoa da danborrada, eta Aspace elkarteko lau haurrekin batera joko dituzte San Sebastian eguneko abestiak.