Donostiako lau danborrada zaharrenak omendu dituzte udaletxean
San Sebastian egunaren 425. urteurrenaren harira, 425 kultur elkarteak Donostiako lau danborrada zaharrenak omendu zituen atzo udaletxean egindako ekitaldi jendetsu batean. Unión Artesana (1871), Donosti Zarra Antiguako Gazteen Danborrada (1896), Euskal Billera (1906) eta Umore Ona (1908) izan ziren omenduak, eta oroigarri bana jaso zuten. Horrez gain, 425 elkarteak argitaratu berri duen liburua ere aurkeztu zuten, eta horiek ere banatu zizkieten omenduei.
Alderdi desberdinetako ordezkariez gain, donostiar asko batu ziren udaletxeko pleno aretoan. Ekitaldia Ainhoa Mercero sopranoak eta Harkaitz Mendoza piano joleak girotu zuten, Goizeko izarra, Donostiako hiru damatxo eta Behin batian Loiolan abestiak interpretatuz. Hiriko danborradarik zaharrenak omentzeaz gain, Donostiako txistulariei eta Donostiako Orfeoiari ere aitortza egin zieten. Hurrenez hurren, Xabier Muñozek eta Javier Etxarrik, Donostiako Orfeoiko presidenteak, jaso zituzten oroigarriak.
Era berean, 425 kultur elkarteak beste esker on bat adierazi nahi izan zion donostiar anonimoari, danborrada hasi zenetik San Sebastian egunaren ardatza izan baita. Plaka hori Eneko Goiari eman zioten, donostiarren ordezkari gisa, udaletxean gorde dezan.
Omenaldiak amaitutakoan, Sarriegi plazako urketariaren sorkuntzari buruzko bideo labur bat ikusteko aukera izan zuten bertaratu zirenek, eta ekitaldia amaitzeko, San Sebastian egunari buruzko dokumental bat proiektatu zuten pleno aretoan. Dokumentalak, 425 kultur elkarteak sortu berri duen Donostia egunaren 425 urteurrena liburuan jasotzen direnak azaltzen ditu.
425 urte liburu batean
Hainbat elkartetako lagunak batuta sortu dute 425 kultur elkartea. “Alde batetik, San Sebastian egunaren historia kontatzeko eta donostiarrei azaltzeko nola sortu zen, eta, gero, ahaztutako hainbat festa errekuperatzeko”, azaldu zion Ibai Tamayok, 425 kultur elkarteko kideak, IRUTXULOKO HITZAri, omenaldiaren ostean.
Idatzi duten liburuak San Sebastian egunaren 425 urteak errepasatzen ditu, eta festa hau urtez urte nola aldatzen joan den kontatzen du. “Gipuzkoako argazkilari elkartera jo dugu, eta bertako lagunek argazki eta dokumentazio pila bat dutenez, horrekin osatu dugu liburua”, adierazi zuen Tamayok.
Elkarteko kidearen arabera, liburuan argi ikus daiteke donostiarrek jaiarekiko duten harremana eta elkarlana. “Azken finean, gauza hauek antolatzeko, bakoitza gauza batez arduratu da, eta horrela sortu dira donostiarren jai guztiak”, nabarmendu zuen.
Liburuan, besteak beste, San Sebastian Donostiako patroia izatea erabaki zenekoa kontatzen da. “1596ko izurritearen ondorioz, Jakako mediku bat ekartzea erabaki zuten, eta, horrez gain, bi urteko izurritea pasa ostean, donostiarrek erabaki zuten Antiguan dagoen monasteriora prozesio bat egitea, eta San Sebastiani eskertzea izurrite horren bukaera. Hortik aurrera hasi ziren pixkanaka ospakizuna egiten”, azaldu du Tamayok.
Bere ustez, hasi zenetik hona asko aldatu da San Sebastian eguna: “Hasiera batean, musikari gehiago zeuden danborrak eta barrilak baino, eta gaur egun, ikus daiteke protagonismo handiagoa dutela danborrek eta barrilek”.
Liburua egiterakoan, Tamayo gehien harritu duena izan da nola donostiarrek aurrera egin duten garai konplikatuenetan: “Nahiz eta hiri guztia erreta egon, jaiarekiko harremana eta umorea mantentzen jakin dute donostiarrek. Hain momentu latzak pasa ostean, hementxe gaude oraindik”.
Liburua Tamayon, Aquariumean eta Gipuzkoako Argazkilari Elkartean eros daiteke.