Gorenak Cabezudoren auziko aldeei eskatu die iritzia emateko kasuan 'Soilik baietz da baietz' legea aplikatzeko aukeraren inguruan
Espainiako Auzitegi Gorenak eginbide bat bidali die Kote Cabezudo argazkilari donostiarraren auziko aldeei, Cabezudori Soilik baietz da baietz legea aplikatzeko aukeraren inguruan euren iritzia eman dezatela eskatuz. Cabezudo ekainean zigortu zuen Gipuzkoako Auzitegiak, bortxaketa delitu bat, sexu abusuen beste bat, haur pornografiako sei delitu eta iruzurreko bi delitu egiteagatik (beste 217 deliturengatik absolbitu zuen); 28 urteko eta bi hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion auzitegiak.
Epaiari helegiteak jarri dizkiote defentsak (absoluzioa eskatuz) zein akusazio partikularrak (zigor handiagoa eskatuz). Efe albiste agentziak argitaratutako informazioaren arabera, Auzitegi Gorenak errekurtso guztiak izapidetzeko onartu ditu, eta aldeei eskatu die bost eguneko epean euren iritzia emateko Soilik baietz da baietz legea aplikatzeko aukeraren inguruan. Aldeek alegazio idazki baten bidez erantzun beharko dute.
Cabezudoren abokatu Eneko Olanok Eferi azaldu dionez, defentsa aztertzen ari da legea Cabezudori aplikatzeko eskatzeko aukera, baina ohartarazi du bide horretatik zigorra murriztuz gero, murrizketa ez dela “oso esanguratsua” izango, “urte batera edo bira” mugatuko litzatekeelako. Hain zuzen ere, Cabezudok 28 urteko zigorra badu ere, asko jota hogei pasatu ditzake espetxean, eta dagoeneko lau baino gehiago egin ditu, behin-behineko espetxealdian eta zigor txikiagoak betetzen. Horrela, aipatu legearen bidez Cabezudoren zigorra murriztuta ere, ez luke eraginik izan beharko argazkilariak espetxean pasako dituen urte kopuruan.
Aurreikusten da Gorenak otsailaren 23an egitea aldeen helegiteak bozkatzeko eta epaitzeko bilera, eta horren ondoren emango du helegiteen inguruko eta aipatu legearen aplikazio posiblearen inguruko epaia.