Hasi dira Antiguako jaiak!
Urtea hasi baino ez da egin, eta hemen dira Donostiako lehenengo jaiak: Antiguako sansebastianak. Gaur, hilaren 13an, lehertu dira jaiak, eta bi urtez jaiak behar bezala ospatu ezinik egon ostean, Antiguakoak inoiz baino gogo gehiagorekin azaldu dira Bentaberri plazan, poteo eleganterako behar bezala jantzita.
Eraso matxistarik gabeko jaiak aldarrikatu dituzte txupinazoaren aurreko hitzartzean, eta Antiguotarrak dantza taldea omendu dute ondoren, baita talde horrek auzoan egiten duen lana aitortu ere. Oroigarri bat eman diete, eta auzoko bi dantzarik aurreskua eskaini diete. Horren ondoren, txupinazoa bota dute, eta txarangaren erritmora, poteo elegantea hasi da.
Ehunka lagun ibili dira taberna batetik bestera, soineko, alkandora eta gorbata eleganteekin, eta kuadrilla bat limusina batean ere iritsi da poteora. Antiguakoek hiru asteburuko jai luzeak dituzte aurretik, eta hemen ikus dezakezue egitaraua.
Jarraian, txupinazoan eta poteo elegantean egindako bideoa eta Joseba Parron San Sebastian argazkilariaren irudi bilduma ikus ditzakezue: