Haurrek ere ospatuko dute 150. urteurrena
Union Artesanak haurren danborrada osatu du, eta Parte Zaharrean desfilatuko dute hilaren 19an, arratsaldez. 120 kidez osaturikoa da danborrada, eta Aspace elkarteko lau haurrekin batera joko dituzte San Sebastian eguneko abestiak.
Urteurrena borobiltzeko sortu dute haurren danborrada. Parte Zaharreko Union Artesana elkarteak 150 urteko ibilbidean zerbait falta zitzaien, eta, horregatik, helduen pareko haurren konpainia osatu dute. 170 haurrek baino gehiagok eman zuten izena, baina 120 kideko danborrada izatea erabaki zuten. Horiek dira hilaren 19an desfilatuko dutenak. Zehazki, 124 kideko danborrada izango da, Aspace elkarteko lau haur gonbidatu dituztelako.
6 eta 14 urte bitarteko haurrak dira Union Artesanaren haur danborradako kideak. «Hori da araua gutxi gorabehera. Guk ez dugu karrozarik, eta txikienek ezin dute jo. Orduan adin tarte bat zehaztu genuen», azaldu du Iñaki Lizarzak, haur danborradaren sustatzaileetako batek. Dena dela, txikienak ez dira atera gabe geratuko. «Danbor eta upel jotzaileak, banderaduna bi kantinerekin, launa danbor gastadore eta upel gastadore eta bost urketari gastadore izango ditugu. Gastadore gisa aterako dira txikienak».
Helduen antzera
Union Artesanako haur danborrada txikia helduenaren antzekoa izango da. Hau da, jantzi bera izango dute, baina tamaina txikiagoan. Entseguekin ere helduak bezain serio jarri dira. «Abenduan hasi ginen entseatzen. Sei bat egin genituen. Aste honetan egunero aritu gara, egun batean izan ezik. Igandean bandarekin dugu entsegua. Haurrak serio aritu dira, gehienak entsegu guztietara etorri direlako», esan du Lizarzak.
San Sebastian bezperan zeharkatuko dituzte Parte Zaharreko kaleak, 18:00etatik 20:30era. «Elkartetik abiatu aurretik, iaz hil zen haur danborradako batzordeko kide bat omenduko dugu. Ondoren, auzoko hainbat leku bisitatuko ditugu», esan du Lizarzak.
Antolatzaileak, haurrak, gurasoak eta aitona-amonak ilusioz gainezka daude eguna iristeko, eta elkartearen urteurrenarekin bat eginez, San Sebastian egunaz gozatzeko.