Indarrez itzuliko da Haur Danborrada, 4.731 umeren parte hartzearekin
San Sebastian egunean 4.731 haurrek hartuko dute parte, eta 12:00etan hasita, hiriko kaleak zeharkatuko dituzte Sarriegiren martxak interpretatuz, 41 ikastetxetan edo elkartetan, 48 konpainia osatuz.
Aurtengo Danborradak, gainera, bi kide berri izango ditu. Batetik, Unión Artesana Elkarteko UA150 Haur Danborrada gehitu da bezperan atera izan ohi direnei, eta bere lehen irteera urtarrilaren 19an, 18:00ak aldera egingo du. Eta, bestetik, hilaren 20an bertan, 17: 15ean, Amaratarra Txiki Danborradak Amarako kaleak zeharkatuko ditu, 18:25ean Armeria plazatik pasatuz.
Azken urteotan bezalaxe, Haur Danborradarekin batera karroza handi bat aterako da. Bertan XIX. mende hasierako gizarte zibileko pertsonaiak egongo dira. Aurtengoan Zurriola Ikastolako haurrek interpretatuko dituzte alkatea, notarioa, Donostiako bi hiritar (neska eta mutila), batelaria, arrantzalea, inudea, artzaina, irulea, dendaria, urketaria eta mandazaina. Karrozaren aurretik, sei palafrezainek desfilatuko dute Kalesan.
Orixe Ikastolako Paul Martinez Pey izango da Danbor Nagusia. Berak zuzenduko du udaletxetik abiatuko den danborrada, eta berak emango dio hasiera Sarriegiren martxak Erdialdeko kaleetan zehar interpretatuko dituen desfileari.
Udaletxeko balkoitik Haur Danborradari hasiera emateko bi laguntzaile izango ditu Danbor Nagusiak: Jenerala eta Laguntzailea. Zurriola Ikastolako Irati Martinez eta Unai Barros izango dira aurten pertsonaia hauek interpretatuko dituztenak.
Jeneralaren eta Laguntzaileran figurak Danborradaren hasieran sortu ziren, 1961ean. Euren jantziak bertan parte hartzen duten konpaina guztien jantzietatik bereizten dira, eta ibilbidea zaldi gainean egiten dute.
Zurriola Ikastolako Lorea Lasala Zubillaga eta Julen Vitoria Irure izango dira Donostiako herritarren paperak beteko dituztenak. Haur Danborradara joango dira desfileari hasiera emateko udaletxeko balkoitik, hilaren 20an, 12:00etan. Jeneralaren figura Irati Martinezek ordezkatuko du, eta Laguntzailearena Unai Barrosek. Zurriola Ikastolakoak biak.
Eguraldi txarrarekin, urtarrilaren 22an
Haur Danborrada bertan behera uzteari buruzko jakinarazpen ofiziala urtarrilaren 20an egingo litzateke, 10:30ean gutxi gora behera, mezu bidez.
Urtarrilaren 20an eguraldiak utziko ez balu, Haur Danborrada igandean egingo da, urtarrilaren 22an. 22an ere ezin bada egin, udalak beste une batean egiteko aukera aztertuko du.