Martxa bakoitza jotzean egingo dute
Bentaberriko Otsoaren Ulua danborrada 2020an sortu bazuten ere, hirugarrenean lortuko dute desfilatzea. Lau lagun elkarrekin jotzeko elkartu ziren, eta dagoeneko 100 baino gehiago dira.
Bazen behin Lobo izeneko taberna bat, Bentaberrin. Han elkartzen ziren lau lagun, eta danborrada bat sortzea erabaki zuten. Hori da Otsoaren Ulua danborradaren historiaren hastapena. Kuadrilla bateko hiru kidek Iker Colino Lobo tabernako gerenteari luzatu zioten proposamena, eta laurek bat eginda abiatu zuten danborrada, 2020an.
Bi auzotan desfilatzeko aukera eman zien Donostia Festakek: Antigua eta Egia. Lehenaren alde egin zuten, eta pixkanaka danborradari forma ematen joan ziren. Ordutik, gauzak asko aldatu dira. Lobo tabernari izena aldatu zioten; Hemen da bere deitura berria.
«Elkartzen ginen taberna haren omenez, otsoarekin zerikusia zuen izen bat jarri genion danborradari. Era berean, dibertigarria iruditzen zitzaigun otsoaren deiadarra imitatzea. Horrela, jotzen dugun martxa bakoitza bukatzean, otsoaren ulua egiten dugu. Ea beste danborradei zer iruditzen zaien, batzuk oso serioak dira eta», dio Uhin Arrospide danborradako sortzaile eta danbor nagusiak.
Hirugarrenean, bai
2020an sortu ondoren, 2021ean eta 2022an desfilatu gabe geratu ziren pandemiarengatik. «Hirugarrenean aterako gara, bai. Irrikan gaude. Gauzak asko aldatu dira hasi ginenetik egun arte. Pentsa, ama izan naiz. Kuadrillako gainerako lagunei ere bizitza nabarmen aldatu zaie», esan du Arrospidek.
Ahoz aho lortu dute danborradarako jendea. «Ezagun askok eman zuten 2021ean izena, eta ezagutzen ez ditugun pertsonak ere badaude. Itxaron zerrenda dugu gaur egun. 100 pasa aterako gara: 66 upel, 33 danbor, banderadun bat eta danbor nagusia», nabarmendu du Arrospidek.
Bentaberrin desfilatuko dute urtarrilaren 20an, 12:00etatik 15:00etara. Aldiz, entseguak Amarako frontoian egiten ari dira, elkartzeko leku propiorik ez dutelako. «Datorren urtean, gure materiala erosi eta danborradari beste izaera bat emango diogu», dio Arrospidek.