Motorrak orroka Donostiako auzoetan
Gaur egun, ez da ohikoa Donostian moto eta auto lasterketak ikustea, baina XX. mendean motor kirolekiko zaletasun handia zegoen hirian. Hain zuzen ere, hainbat zirkuitu egon ziren Donostian, eta lasterketa ugariz gozatu ahal izan zuten donostiarrek.

Intxaurrondo auzoari Las autopistas deitzen zioten XX. mendearen bukaeran, izan ere, 1978. urterako errepideak eta kaleak eginda zeuden, baina lehenengo bizilagunak ez ziren iritsi 1980ko hamarkadaren bukaerara arte edo 1990eko hamarkadaren hasierara arte. Horrela, autopista horiek legez kanpoko moto eta auto lasterketak egiteko erabili ziren urte haietan, baina baita legezko lasterketak egiteko ere.
Hain zuzen ere, Intxaurrondo lasterketetarako zirkuitu bihurtu zen, eta 1975eko otsailean egin zuten lasterketarik entzutetsuena. Gipuzkoako Errege Moto Klubak antolatu zuen, eta garaiko moto gidari garrantzitsuenetako batzuek hartu zuten parte, besteak beste, Benjamin Grauk, Victor Palomok eta Angel Nieto ezagunak; hain justu, urte hartan irabazi zuen Nietok laugarrenez irabazi zuen urte hartan 50 zentimetro kubikoko kategoriako Munduko Txapelketa. Hala ere, kategoria horretan bigarren izan zen Nieto Intxaurrondon, Jaime Alguersuariren atzetik. 125 zentimetro kubikoko kategorian, aldiz, lehenengo postua lortu zuen.
Arrakasta handia izan zuen Intxaurrondoko probak, eta 30.000 bat lagun bildu ziren 2.850 metroko zirkuituan, motoak zuzenean ikusteko. Aldiz, dena ez zen alaia izan, istripu bat gertatu baitzen, eta Emilio Medina moto gidari bilbotarra zendu zen. Gainera, beste gidari batzuk eta hainbat ikusle zaurituak izan ziren, garaiko prentsak jaso zuenez. Intxaurrondoko proba ez zuten berriz antolatu.
Igeldotik Amarara
XX. mendean handia izan zen donostiarrek motor kirolekiko izan zuten zaletasuna, eta Intxaurrondoko lasterketa ospetsua ez zen hirian egindako lehenengo lasterketa izan.
Hain zuzen ere, 1920ko hamarkadan ospe handia zuen Igeldoko igoerak, eta auto, moto, sidekar eta txirrindularitza probak egin ohi zituzten.
XX. mendearen lehenengo erdialdean handitzen joan zen motor kirolekiko zaletasuna, eta 1948an, Amarako zirkuitua inauguratu zuten. Garrantzitsua izan zen zirkuitu hori, 1950eko hamarkadan lasterketa ugari antolatu baitzituzten han, eta punta-puntako gidariak lehiatu ziren. Egungo Madril etorbidea, Zorroaga pasealekua, Euskal Kortsarioen kalea, Bizkaia pasealekua, Amarako parkearen ingurua, Antso Jakitunaren hiribidea eta Pio XII. aren plaza hartzen zituen 2.950 metroko zirkuituak.
Moto-krosaren arrakasta
Errepide gaineko lasterketak ez ziren Donostian zirrara pizten zuten bakarrak, moto-krosak ere zale asko baitzituen hirian. Horren erakusgarri da Donostiako hainbat auzotan modalitate horretarako zirkuituak egon izana, eta lasterketa asko antolatu izana pasa den mendean zehar.
Hain justu, Bidebietan, Martutenen, Aieten eta Altzan moto-kroseko motoak orroka ibili ziren hainbatetan, zaleen gozamenerako. Martutenen, besteak beste, auzoko ikastolaren aldeko lasterketa bat antolatu zuten 1975ean, eta 47 gidarik hartu zuten parte.
Aipatzekoa da Altzako moto-kros zirkuitua, urte luzez antolatu baitzituzten han lasterketak, tartean Espainiako Txapelketarako lasterketa puntuagarriak. Garaiko prentsaren arabera, «ezin hobea» zen zirkuitu hura.