Urtarrileko aldapan gora egiteko... Antiguako jaiak!
Auzoko San Sebastian jaiak bueltan dira. Pandemiaren ondoren ohiko egitaraua prestatzea «bide luzea eta zaila» izan dela aitortu dute, baina gogotsu daude festa giroan murgiltzeko. Gainera, aurten ohiko jaigune bat berreskuratu dute: Bentaberri plaza.

Gabonen ondorengo biharamunarekin batera hasi ohi da urtarrileko aldapa gogortzen, eta nekeza izaten da errutinara bueltatzea. Donostian, ordea, San Sebastian egunaren ondoren hasten da bidea malkartzen. Eta egun hori iritsi bitartean, aldapa jaiez blai igo ohi da, Antiguan batez ere. Gaur piztuko dute txupina Bentaberri plazan, eta urtarrilaren 29ra arte festak ez du etenik izango auzoan. Guztira hiru asteburuko egitarauaz gozatu ahal izango dute.
Gainera, aurten inoiz baino «gogo eta indar gehiagorekin» ospatu nahi dituzte, pandemiaren ondorioz bi urtez ezin izan dute-eta jairik antolatu. Iaz jaiak egiteko prest agertu ziren, baina udalak atzera bota zizkien egitarauko proposamen gehienak. «Koronabirusaren aurkako prebentzio neurriak direla eta, ardura hori hartzea erantzukizun handiegia iruditu zitzaigun, eta ezarri zizkiguten baldintzak aztertuta, ondorioztatu genuen ezin genuela auzoan sustatu nahi dugun jai ereduarekin bat egiten duen egitarau bat egin», azaldu dute Maialen Lareki eta Leire Otamendi Albisu Antiguako jai batzordeko kideek. Keinu txikiak egin zituztela gogoratu dute: «Jendea animatu genuen kuadrillen blusak janztera eta elegante janztera, gutxienez ikusgarri egiteko jaiak».
Babes handia
Aurten udala dokumentazio eta paper gehiago exijitzen ari dela nabaritu dute, baina kontrapuntuan, auzoan babes handia nabaritu dute jaiak berrartzeko eta egitarau zabal bat antolatu ahal izateko: «Jende askok, jai batzordean ez egon arren, babes handia ematen die jaiei. Bultzada handia da guretzat, iristen ez garen gauzetan laguntzen digutelako».
Eta nabaritzen dute jendea irrikaz dagoela: «Kuadrillen bazkarirako txartelak normalean bi egunean agortzen dira. Aurten egun bakarrean saldu ditugu, bi orduan agortu ziren. Nabaritzen da gogo handia dagoela, batez ere gaztetxoengan sumatzen dugu». Urtarrilaren 28an izango da bazkaria. 600 lagun inguru bilduko dira Ibaetako frontoian.
Orokorrean «giro gehiago nabaritzen da» auzoko jarduera guztietan, beraien ustez. «Are, gazte gehiago ikusten ditugu. Belaunaldi desberdinak ikustea oso polita da. Jende asko elkartzen da egun horretan. Blusa pila bat ikustea kolore desberdinetakoak. Mundu guztia eserita, bazkari baten bueltan eta ondo pasatzen. Izugarria da». Lehen, garai batean auzoan bertan egiten zen bazkaria, baina horrenbeste jende elkartu zen Ibaetara eraman zutela.
Kuadrillen bazkaria eta poteo elegantea dira arrakasta gehien duten bi jarduerak. 2004an egin zuten lehen aldiz poteo elegantea, Arrasateko Maritxu Kajoi jaietan inspiratuta. Dotore janztera animatu zituzten bizilagunak. Lehen eguneko giroa pizteko hainbat ideia probatu zituzten aurretik, baina ez zuten asmatzen. Karaokeren bat ere probatu zuten, baina ez zuen arrakastarik lortu. «Poteo elegantea egin genuen lehen urtean ere lau katu atera ginen, baina lau urtean 150 izatera iritsi ginen, eta gaur egun jendetza biltzen da», kontatu du Ion Martinez jai batzordeko kide ohiak.
Berritasunak egitarauan
Ohiko jarduerez harago, berritasunak ere izango dira Antiguako jaietan. Ajoarriero txapelketa berria dela azaldu dute: «Bere garaian bakailaoa pil-pil erara txapelketa egiten zen. Ez zuen harrera handirik izan, eta beste formula batekin saiatu dira. Hamalau bikotek eman dute izena, beraz, ondo joan da».
Kantatzera ere animatuko dira aurten. Lehen aldiz egingo dute kantu jira herrikoia. «Saltseroagoa edo ez hain klasikoa izatea nahi genuen». Urtarrilaren 27an elkartuko dira, eta Matia kalean zehar ibiliko dira 19:00etan.
Albiste onak ere izan dituzte antolatzaileek. Ohiko jaigune bat berreskuratu ahal izan dute: Bentaberri plaza. Metroa egiteko lanak direla eta, azken urteetan Gaskonia plazan egin behar izan dute txupinazoa. Aurten, ordea, Bentaberrira itzuliko dira, eta han jarriko dute jaietako karpa bat. Dj saioak izango dira gaur eta bihar, 23:00etatik 02:00etara. Eta haurrentzako jarduerak ere egingo dituzte espazio honetan. Aspalditik izan da auzotarrak elkartzeko gunea, kiosko zaharra baitzegoen lehen. Hau da jaietako zapietan daramaten ikurra, hain zuzen.
40 urte dantzan
Jaien hasieran, txupina jaurtitzen dutenean, omenaldi bat egin ohi dute, eta aurten Antiguotarrak euskal dantza taldea izango da protagonista. 40 urte bete ditu auzoko dantza taldeak, eta haiek izango dira gaur 19:30ean omenduko dituztenak. Urtemugaren ospakizunari hasiera emateko Gipuzkoako dantzetan oinarritutako emanaldi berezia osatu du. Taldeko dantzariek Antiguako txistulariak eta Luberriko abesbatza izango dituzte lagun emanaldian. Lugaritz kultur etxean izango da, urtarrilaren 27an, 19:00etan. Gonbidapena eskatu behar da.
San Sebastian bezpera indartsua
San Sebastian bezperak indar handia hartu duela uste dute: «Gazte asko geratzen dira hemen auzoan, bandera igoera ikustera eta gozatzera. Auzokoontzat oso berezia da San Sebastian eguna. Santustene elkartekoek egiten dute bandera igoera. Gainera, aurten garai batean bezala Bentaberri plazan egingo da igoera».
Gauerdia pasata, goizeko hiruretan, herri danborrada ateratzen da, eta adin guztietako jendea elkartzen da. «Edonork egiten du bat danborradarekin. Ez da danborrada baten formalismoarekin egiten. Parrandan dagoen oro animatu daiteke. Ez dira bakarrik danborradako kantak jotzen, beste kanta herrikoiak jotzen dira, eta txarangaren atzetik goaz».
Antiguako ezagunen topaketa
Antiguako ezagunen topaketak ere izango dira, Patxatxa taldeak antolatuta. Angel Gete antolatzaileak azaldu duenez, «txikitan edo gaztetan auzoan lagunak ziren eta urteekin harremana galtzen joan diren auzokideak elkartzea da asmoa, orduko bizipenak gogoratzeko, harremana berrartzeko. Bihar elkartuko dira bazkari baten bueltan. 12:00etan elkartuko dira Matia kaleko 30. zenbakian, garai batean hor zegoelako La Patxatxa litxarreria denda: «Gure belaunaldiarentzat oso leku sinbolikoa zen La Patxatxa», azaldu du Angel Getek, antolatzaileetako batek. Hortik abiatuta, auzotik ibiliko dira, eta 14:30ean hasiko da bazkaria, Bentaberriko kiroldegian. Geteren arabera, 30 bat lagun elkartuko dira: «Batzuk Antiguan bizi gara, baina Logroñotik, Irundik eta Gasteiztik ere etorriko da jendea, besteak beste».
Giza proba: hiru auzo lehian
Lehiarako tartea ere izango da egitarauan: Antiguakoak, Añorgakoak eta Intxaurrondokoak nor baino nor ariko dira. Pasa den udan hainbat auzotan arrakasta izan zuen jarduera antolatu dute bihar: giza proba. Istingorra kalean izango da, 18:00etan. 500 kiloko harria mugitu beharko dute, eta hamabost minutuan kale horri buelta gehien ematen dizkion taldeak irabaziko du. Antiguako Sare Herritarrarekin elkarlanean antolatu dute egitasmoa, iaz beste auzo batzuetan egin zuten moduan. Parte Zaharrean, esaterako, irailaren bukaeran Egiako, Intxaurrondoko eta Parte Zaharreko talde bana lehiatu ziren Trinitate plazan. Ordea, giza probarik esanguratsuena Intxaurrondo Zaharreko jaietakoa izan zen, Lizardi kaleko aldapan gora eraman behar izan baitzuten 500 kiloko harria. Intxaurrondoko eta Antiguako talde bana lehiatu ziren, eta etxekoek irabazi zuten; beraz, Antiguakoek errebantxa bilatuko dute asteburu honetan euren auzoko jaietan.
Erasoen aurkako brigada feministak
Protokolo feminista bat landu duen talde bat ere izan da jai batzordean. Puntu more bat jartzeko eskatu zioten udalari, baina udalak ezezkoa eman zuela diote. Euren kabuz ari dira erasoen aurkako neurriak hartzen. Brigada feministak antolatuko dituzte txandaka, eta telefono zenbaki bat izango da eraso baten aurrean laguntza eskatzeko: 613-94 82 84. Etxera bueltan elkarrekin joateko ere bi ordu jarri dituzte: Elizaren aurrean geratuko dira 00:30ean eta 03:00ean gaur eta bihar, eta baita urtarrilaren 27an eta 28an ere. Txandak ari dira antolatzen lan hau guztia egin ahal izateko.
Erraldoi berrientzako izenak
Loretope konpartsak San Sebastian egunean aurkeztuko ditu bi erraldoi berriak: Gazte Danborradako upel jotzaile bat eta urketari bat dira pertsonaiak. Jakintzako eta Larramendiko danborraden haurrei harrera egingo diete. Goizean, hamarrak aldera, haurrak Heriz pasealekutik iristen direnean han egongo dira. «Matia kalean kalejiran joango gara elizaraino danborradekin, eta frontoirano joango gara», azaldu du Ekaitz Iberok, konpartsako kideak. Izena ere aukeratu behar dute auzotarrek: «Asteburuan botoa emateko kutxa batzuk jarriko dituzte auzoan, eta haiek aukera dezatela».
Iazko martxoan hasi ziren konpartsa lortzeko lanean, eta orain konpartsa egituratzen ari dira. «Maiatzean berriz ere Erraldoien Eguna egin nahi dugu, iazkoa errepikatuz. Eta jada baditugu gonbidapenak inguruko herrietara joateko. Konpartsa aurrera ateratzeko auzoaren babesa izugarria izan dela nabarmendu du Iberok.
Jaiak prestatzea «bide luzea eta zaila» izan da jai batzordearentzat, baina azkenean iritsi da gozatzeko unea. Auzoko hainbat eragilerekin batera egindako lanari esker, badatoz Antiguako sansebastianak!