Etxekoak garaile Antiguako jaietako giza proban
Sare Herritarrak antolatuta, giza proba egin zuten larunbatean Antiguako jaietan, eta etxeko taldeak irabazi zuen txapela, 39 plazarekin. Antiguako, Añorgako eta Intxaurrondoko talde bana lehiatu ziren, eta hamabost minutuan Istingorra kaleari ahalik eta buelta gehien ematea zen erronka; honakoa izan zen sailkapena: Antiguak 39 plaza, Añorgak 37 eta Intxaurrondok 32.
Jendetza bildu zen Istingorra kalean giza proba ikusteko eta parte hartzaileak animatzeko, jai giroan. Esatariak probaren nondik norakoak azaltzen zituen bitartean, Athleticeko elastikoa zeraman ustezko apaizak eremua bedeinkatu zuen, eta Añorgakoek hartu zuten harria jarraian. Indartsu aritu ziren, eta Istingorra kalea 37 aldiz zeharkatzea lortu zuten.
Intxaurrondoko taldea aritu zen ondoren, hain zuzen ere, Intxaurrondo Zaharreko jaietako giza proba irabazi zuen taldea (Lizardi kaleko aldapa ahalik eta denbora gutxian igotzea zen erronka orduan). Ondo hasi ziren, erritmo onean, baina indarrak agortze joan zitzaizkien, eta probaren erdialderako, nekea nabaritzen zitzaien. Azkenean, 32 plaza lortu zituzten.
Etxekoak izan ziren azkenak, eta helburu argi bat zuten: Añorgakoek 37 plazak gainditzea. Esan eta egin. Erritmo bikainean hasi ziren, eta ez zuten erritmoa jaitsi proba guztian zehar, bertaratutako ikusleen animoek lagunduta. 37 plazak berdindu zituztenean, beste plaza bat egiteko denbora zutenaren jakitun, garaipena ospatzen zuten bitartean egin zuten 38. plaza. Horrekin pozik ez, eta 39.a ere egin zuten, korrika.
Horrela, txapela etxean gelditu zen, Euskal presoak etxera! oihukatuz ospatu zuten garaipena. Jarraian, Joseba Parron San Sebastian argazkilariak giza proban egindako bideoa ikus dezakezue: