Jon Karrikaburuk Leganesekin egin beharko ditu golak
Elizondoko aurrelari gazteak ez du lekua egin Realaren lehen taldean, eta, horregatik, minutuen bila abiatu da Leganesera. Azken astetan jakina zen Karrikaburuk talde txuri-urdina utziko zuela, baina argitzeko zegoen bigarren mailako zein klubak hartuko zuen utzita. Azkenik, Madrilgo Leganes taldean ariko da denboraldia bukatu bitarte. Madrildarrek haren golak beharko dituzte lehen mailara igotzeko.
Imanol Idiakez jokalari txuri-urdin ohia da Leganeseko entrenatzailea, eta Realean ibilitako beste bi jokalari izango ditu kide: Ruben Pardo eta Asier Riesgo. Horiek horrela, esperientzia ona izan daiteke Karrikabururentzat. Izan ere, pasa den sasoian maila paregabea eman zuen, bigarren mailan, Realaren bigarren taldearekin. Xabi Alonsoren aginduetara 11 gol egin zituen. Aldiz, sasoi honetan minutu gutxi jokatu ditu, eta soilik hiru gol egin ditu –kopan bi eta Europa ligan bat–.