Udal gobernuak 461.913.070 euroko aurrekontua aurkeztu du
2022koa baino %8,73 handiagoa izango da aurtengo udal aurrekontua.
Gaur goizean aurkeztu du Donostiako Udal Gobernuak 2023ko udal aurrekontu proiektuaren zirriborroa. Eneko Goia alkateak, Marisol Garmendia alkateordeak eta Kerman Orbegozo Ogasun zinegotziak eman dituzte xehetasunak. Udalak 461.913.070 eurotako aurrekontu kontsolidatua izango du; hau da, 2022koa baino %8,73 handiagoa. Hiri mantentze eta zerbitzuetara bideratutako aurrekontu sailak %15 handituko dira eta inbertsioetara 56,9 milioi euro bideratuko dituzte.
“Aurrekontuak izaera hedakorra du, inbertsio maila handia eta donostiarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuetan hobekuntza garrantzitsuak ditu”, nabarmendu du Goiak. Udalak hainbat erronka dituela gaineratu du alkateak: “Besteak beste, energia krisiaren eraginez kostuen igoera, Ukrainiako gerra eta klima aldaketa. Funts publikoak zuhurtziaz eta arretaz kudeatzen jarraitu beharko dugu”.
Diru sarrerak eta gastu arruntak
Aurrekontu kontsolidatua handitu da, bereziki, Udalak Finantzatzeko Foru Funtsetik etorritako ekarpenari esker. 2023an 165,9 milioi eurokoa izango da, hau da, iaz baino %7,3 gehiago. Horrekin batera, udal zerga eta tasen bidezko diru sarrerei eutsiko diete. Horiek horrela, udalak segidako udal zerga eta tasak %1,5 handituko ditu: OHZ, garabia, TAO, hondakinen bilketa eta IBI iraunkorrarekin edo jabari publikotik ibilgailuak etxe aldera pasatzeko jabari publikoaren okupazioa.
“Diru sarrera arrunten handitzeari esker, udalak aurrekontu saila handiagoak bideratu ahal izango ditu donostiarrei eskaintzen zaizkien kalitatezko zerbitzuak ematen jarraitzeko. Hortaz, hiri zerbitzuekin lotura duten arloek, hots, garbiketa, parkeak eta lorategiak edo hondakinen bilketarako aurrekontu sailak %15 baino gehiago handituko dira”, esan du Orbegozok.
Gizarte gastua eta etxebizitza publikoa
Aurrekontu proiektua behar gehien dutenei laguntzeko prestatu dutela adierazi du Ogasun zinegotziak: “Ziurgabetasun ekonomikoak eta kontsumoaren prezioen igoerak biztanleen zati bati zuzenean eragin die. Horiek horrela, ez dugu inor atzean utzi nahi, izan ere, gure helburu nagusienetako bat gizarte kohesionatua izaten jarraitzea da. Eta horretarako, 35,3 milioi euro bideratu ditugu gizarte babeserako eta sustapenerako”.
Gainera, aurrekontu proiektuak 39,7 milioi euro aurreikusi ditu hiriko hainbat eremutako garapenak egiteko; besteak beste, Loiolako Lorategi Hiria, Illarra, Infernua eta Apostolutza. “Eremu horietan egingo den etxebizitzen parte bat babestuta egongo da, hortaz, 2023an garapen horiek egiten hastea berri ona izango da”, nabarmendu du Orbegozok. Ildo beretik, esan du Donostiako Etxegintzako aurrekontua %17 handituko dela. “Eta hori guztia ahaztu gabe 2023an Loiolako Kuartelen lur sailen salerosketa burutuko dela”.
Hain zuzen ere, Loiolako kuartelen salerosketa ez dago 2023ko udal aurrekontuak aurreikusia: “Salerosketa egin behar den finantzaketa hiru bidetik etorriko da. Lehenik, aurreko ekitalditik etorritako 5 milioi euroko ordainketa egingo da Defentsa Ministerioarekin akordioa sinatzen denean; eta jarraian bigarren ordainketa bat egingo da, 73 milioi eurotara iritsi arte, eta horretarako 2022ko ekitaldiaren likidazioaren emaitzatik ateratako diru kopuru bat erabiliko da eta, gainerakoa, mailegu bat eskatuta ordainduko da”.
Udalaren inbertsioak
Hasitako proiektuekin jarraitzeko, udalak 59,6 milioi euro izango ditu inbertsioetarako. “2023ko aurrekontu proiektuak 90 aurrekontu sail ditu inbertsioak egiteko, eta horien artean, Next Generation funtsetatik finantziazioa lortzeko behar diren funtsak”. Europako Next Generation funtsak martxan jarri zirenetik, udalak deialdi gehienetan parte hartu du, eta 22,2 milioi euro jaso ditu hainbat proiektu garatzeko.
Aurrekontuak 23,2 milioi euro bideratuko ditu ingurumen arloan inbertsioak egiteko; besteak beste, garraio publikoaren elektrifikazioarekin jarraitzeko, hainbat hiri eremuren ingurumen birsortzeko, eta trantsizio berdea eta iraunkorrarekin zein trantsizio energetikoarekin lotura duten hainbat jarduketa egiteko.
Garmendiak, berriz, esan du aurrekontuak gizarte kohesioa lortzeko eta desberdintasunei aurre egiteko direla. Batez ere, auzo zaurgarrienetan bizi diren donostiarrei laguntzeko. Horretarako, enplegu politikak eta hiri berroneratze integralak bultzatzen ditu udalak; batez ere, Ekialdeko Barrutian. “Enplegu politikak behar gehien duten kolektiboentzako, esaterako emakumeei, epe luzean langabezian daudenei, edo gazte donostiarrei euren talentua Donostian gelditzeko zuzenduta egongo dira. Eta horiek zientzia eta berrikuntzaren hiria bezala indartzeko giltzarriak izango dira. Enplegu eta I+G+B politiketara 20 milioi euro bideratuko ditugu”, esan du Garmendiak.
Ekialdeko Barrutiari berari dagokionez, 2023an 458.353 euroko aurrekontu saila izango du. Era berean, beste 458.353 euro izango ditu Barrutiaren Batzarrak adostutako proiektuak garatu ahal izateko.
Tramitazioa
Behin aurrekontu proiektua aurkeztuta, Donostiako Udaleko Ogasun eta Finantzetako departamentuak tramitazioarekin jarraituko du. Hortaz, behin Tokiko Gobernu Batzarrak onartuta, bihar asteartean bertan udal taldeei proiektua aurkeztuko zaie, eta jarraian zuzenketak aurkezteko epea hasiko da. Sailak aurreikusitako egutegiaren arabera, martxoaren hasieran egingo da aurrekontua eztabaidatzeko eta zuzenketak bozkatzeko Ogasun batzordea, eta horrenbestez, aurrekontuaren hasierako onarpena martxoaren 13ko ezohiko udalbatzarrean egingo lukete.
Inbertsio nagusienak
- Autobusen erosketa: 11.950.000 euro.
- Loiolako Lorategi Hiriaren urbanizazioa: 4.315.778 euro (urte anitzeko aurrekontu saila. 2025.urtea arte 19 milioi euro zenbatzen dituzten aurrekontu sailak ditu).
- Altzako hiri berroneratzea: 2.114.000 euro (urte anitzeko aurrekontu saila. 2025.urtea arte 10,2 milioi euro zenbatzen dituzten aurrekontu sailak ditu).
- Bretxa: urbanizazioa eta estalkia: 1.456.842 euro.
- Marrutxipin GI-20rako lotunea egiteko proiektua: 1.075.423 euro (urte anitzeko aurrekontu saila. 2024.urtean 518.886 eurotako aurrekontu saila du).
- Zolatze eta asfaltatze lanak: 900.000 euro.
- Bera Berako urbanizazioa: 700.000 euro.
- Marrutxipiko saneamendua hobetzeko lanak: 696.602 euro (urte anitzeko aurrekontu saila. 2024.urtean 71.789 eurotako aurrekontu saila du).
- Haizearen Orraziaren birgaitzea: 650.000 euro (urte anitzeko aurrekontu saila. 2024.urtean 650.000 eurotako aurrekontu saila du).
- Anoetako urbanizazioa: 500.000 euro (urte anitzeko aurrekontu saila. 2024.urtean 500.000 eurotako aurrekontu saila du).
- Puntu kritikoetan hobekuntzak (Herrera eta Miserikordia kalea): 500.000 euro.
- Haur parketan hobekuntzak: 300.000 euro.
- Anoeta inguruan motorrentzako aparkalekua: 260.000 euro.
- Antso Jakitunaren proiektua: 235.406 euro.
- Martuteneko biribilgunea: 235.000 euro.