"Berriz isilarazi gaituzte; burutik pasa zekigukeen guztia pasatu zaigu"
Adingabea zela, Cabezudoren biktima izan zen Izaskun Acosta; egun, sentitzen du haren mendean egon zela eta "bizirik irtetea" lortu zuela. Dokumentalean parte hartu du; "traizioa" iruditu zaio lana ez ematea. 'Berria' egunkariko Arantxa Iraola kazetariak berarekin hitz egin du.
Ez du baztertzen “biktima” hitza, baina bere burua definitzeko orduan ez du erabiltzen Izaskun Acostak; barne gogoetetan beste era batean ikusten du bere burua. Madrilen du bizilekua, eta handik solastatu da Berria-rekin, telefonoz. Sortzez donostiarra da, 1975ean jaioa, eta Kote Cabezudoren salatzaileetako bat; 1991. urtean, oraindik adingabea zela, argazkilariak mendean hartu zuen, eta handik “bizirik irtetea” lortu zuela esaten du orain modeloak. Urteak behar izan ditu, ordea, harekin bizitakoei, lagatako arrastoei, izen hori jartzeko. Argazkilariaren kontrako epaiketan mintzatu ziren andreetako bat izan zen; preskribatutzat jo zuten ordurako hark salatutakoa, baina lekuko gisara aritu zen. En el nombre de ellas dokumentalean ere mintzatu da, eta, orain, lan hori zabaltzeko zailtasunek ezinegona eragin diote. Gertutik erreparatu dio hura egiteko prozesuari; lana Disney Plusen gisako plataforma indartsu batean zabaldu ahal izateak esperantza piztu zion, eta “traizio” egin diela sentitu du orain.
Kamutsak iruditu zaizkio Disney Plusek emandako “azalpenak”, eta “etsita” dago. “Konfiantza jartzen duzu haiengan, zeure burua ageri-agerian jartzen duzu, eta…”. Eta lana ezin izan da estreinatu oraindik. Nabarmendu nahi du kameren aurrean jartzea ez zela erabaki samurra izan, eta atzean egon den prozesua zaila izan dela. “Nik, adibidez, hasieran ez nekien aurpegia eman nahi nuen”, azaldu du. “Oso seguru egon behar duzu urrats hori egiteko, babes oso handia sumatu behar duzu”, erantsi du. “Nik neuk, esaterako, 26 urte egin nituen isilik; asko kostatzen da horrelako zerbait kontatzea”. Orain, iruditzen zaio “merezi ez zuen norbaitengan” jarri zuela “konfiantza”. Jasotako tratua ezin okerragoa izan dela deitoratu du, gainera. “Komunikatu bakar bat ere ez digute bidali, ez pribatuan, ez jendaurrean, ez ezer adierazteko, edo barkamena eskatzeko…”.
Jarraitu erreportajea irakurtzen hemen.